Peter Kirui Kenyarra (29'12) nagusitu zen Oñatiko Nazioarteko Herri Lasterketan. Bigarrena helmugaratzen Jacob Yator kenyarra izan zen (29'18). Bi afrikarrak lasterketaren buru izan ziren une oro. Emakumezkoetan ere, Sarah Kerubo kenyarra nagusi (34'55). Bigarrena Fatima Ayachi (35'46) marokoarra izan zen. Helmugaratzen lehen euskalduna, berriz, Ainhoa Sanz (39'16) izan zen eta Maria Jesus Velasco Arrasatearra seigarrena (44'27).
Helmugara iristen lehen euskalduna Imanol Cruz donostiarra izan zen (31'30). Lehen oñatiarra, berriz, Asier Osinaga (34'45). Osinaga pozik azaldu zen egindako denborarekin. Izan ere, iaz baino minutu bat gutxiago egitea lortu baitzuen. Hirugarren aldiz hartu zuen Osinaga oñatiarrak lasterketan parte. "Oso gustura egiten dut lasterketa hau, gainera ondo ezagutzen dut 10 kilometroko ibilbidea. Lasterketa osoan zehar erritmoa mantendu dut baina azken hiru bueltetan indartu egin dut erritmoa. Oso pozik nago iaz baino minutu bat gutxiago egin dudalako eta nire marka hobetu. Maila oso altua dute afrikarrek eta horrelako lasterketetan beti aurretik ibiltzen dira". Ritxar Fernandez oñatiarrak zorte txarragoa izan zuen, lasterketatik erretiratu zen-eta. "Egun txarra izan dut; lanean eta antolaketa lanetan ibili naiz egun guztian zehar eta lasterketan nekea nagusitu da. Konzentrazio falta nuen eta erretiratzea erabaki dut". Bestalde lasterketa oso polita izan zela adierazi zuen Fernandezek. "Maila oso altua dago eta lasterketa polita izan da. Imanol Cruz eta Asier Cuevas bezalako lasterkariek maila bikaina jarri diote".
Asier Cuevasi omenaldia
Asier Cuevasek (31'33) ere lasterketa bikaina egin zuen eta bigarren euskalduna izan zen helmugaratzen. Hala ere, Cuevas eibartarrak bere onenean ez zegoela adierazi zuen. "Maila hobea ematea nahi nuen, baina ahal nuen azkarren eta gogorren egin dut korrika. Afrikarrak oso indartsu ikusi ditut. Lasterketa azkarra izan da, espero zena hasieratik. Afrikar talde bat genuen aurretik, lasterketaren buru eta atzetik euskaldun pare bat gindoazen afrikar eta marokoarrekin batera. Gure taldea apurtzen joan da eta azken espriñera heldu naiz. Txalotzekoa da ere animuak ematen Kale Barriatik gora egon den jendetza". Lasterketaren ostean, omenaldi hunkigarria egin zioten Cuevasi, Espainiako maratoiko irabazleari. Pozik eta hunkituta azaldu zen. Izan ere, detaileren bat espero zuen baina Cuevasek omenaldi eta jendearen harrera beroa jaso zuen.
Balorazio positiboa
Jexux Arregi antolatzaileak parte hartze handia azpimarratu zuen. Guztira, 82 lasterkari aurtengo edizioan, inoiz baino parte hartzaile gehiago. Balorazio positiboa egin zuen Arregik.
Sailkapen orokorra
1-Peter Kirui (Kenya) 29'12
2-Jacob Yator (Kenya) 29'18
3-James Mibei (Kenya) 29'38
Lehen euskaldunak
9-Imanol Cruz (Donostia) 31'30
10-Asier Cuevas (Eibar) 31'33
11-Jon Arozena
Lehen debagoiendarrak
21-Tasio Gomez (Aloña Mendi) 34'42
22-Asier Osinaga (Atxintxiketan) 34'45
23-David Huebra (Aloña Mendi) 34'48