Pausoka elkarteak lokal berria inauguratuko du egubakoitzean. Bidebarrieta kalean dago egoitza hori, Udal euskaltegiaren ondoan.
Astean birritan zabalik
Eraikin berria erabat egokituta dago: sukalde txiki bat, bulego bat, egokitutako bi komun eta erabilera anitzetarako gela handi bat ditu; 154,95 metro koadro guztira.
Elena Perez Pausokako boluntarioetako bat da eta berak azaldu duen bezala, astean birritan zabaltzeko asmoa dute, oraingoz, behintzat. "Gure asmoa da zapatu arratsaldetan zabaltzea, ekitaldi ezberdinak egiteko. Aste barruko arratsalde baten ere zabaltzea pentsatu dugu, dantza ikastaroa eskaintzeko". Lokal berri honekin ekintzak ugarituko dituztela uste du Elena Perezek: "orain arte antolatu ditugu hainbat ekintza, adibidez: San Migel eta Errosario jaietako danborradan parte hartu dugu, Errege kabalgatako jaiotza ere guk egin dugu eta hainbat askari eta irteera ere egin ditugu. Lokalak aukera gehiago emango dizkigu. Sukaldea txikia izan arren, adibidez, guztion artean prestatu ditzakegu askariak", dio Perezek.
Boluntario izateko deia
Gutxitu psikikoekin lana egiten duten boluntario taldea da Pausoka. Duela 12 urte sortu zuten eta egun lau boluntario dira. "Boluntario gehiago behar ditugu, gutxi gara-eta. Horregatik, deialdi orokorra egiteko ere aprobetxatu gura dugu lokal berriaren inaugurazioa. Oraindik ez dugu telefonorik baina boluntario izan gura duenak guregana etorri baino ez du egin behar. Gizarte zerbitzuetan ere galdetu dezake", esan du Elena Perez oñatiarrak.
Orain arte 11 herritarrekin egin dute lana Pausokako boluntarioek baina inaugurazioaren gonbidapena 31 etxetara bidali dituzte. "Lokal hau erabili dezaketen pertsonei bidali diegu eskutitza, hemendik aurrera egokitutako lokal bat izango dugula esateko eta etortzera animatzeko. Orain 11 dira taldea baina lokal berriarekin taldea zabaldu dezakegu", esan du Elena Perezek. Gureak lantegietan, eguneko zentroan edo Aspacen egiten dute eguna lokalaren erabiltzaileek eta aisialdiko ekitaldiak egiteko erabiliko dute Bideberrietako lokal berria, lan orduetatik kanpo joango dira.
Aspaldiko eskaera
Pausoka boluntarioen taldearen eta Saltoka, erabiltzaileen senideen taldearen eskaera izan da egokitutako lokala egitea. Azken 12 urtetan Errekaldeko etxebizitza baten behean egon dira baina duela bi urte lokal egokia lortzeko eskaera formala egin zuten, gizarte zerbitzuetako teknikari batek azaldu duenez.