Patxi Vila Oñatiko duatloian azkarrena

Xabier Urtzelai 2010eko martxoaren 14a

Azken urteotan Oñatin atleta frantziarrak izan dira nagusi, baina bizikletako saioan Galinier atzean utzita Patxi Vilak iazko arantza atera ahal izan zuen zapatuan helmugan (1:42:02). Deskargan erasoa jo eta bakarrik iritsi zen gainera, eta handik Oñatira arteko zatian abantaila polita hartu zuen. Hala, korrikako saioan Galinier ahalegindu zen Lagunak-Saltoki taldeko atleta harrapatzen, baina ez zuen lortu.

Oñatiko duatloiak modu ezin hobean ospatu zuen XIX. edizioa, parte-hartze galantarekin batera (300 atleta iritsi ziren helmugara) maila oso oneko atletak egon zirelako. Aurrealdean iazko protagonistetako bi, Patxi Vila eta Laurent Galinier –iazko irabazle Capoferri gaixo zegoen–, baina egoera ez zen iazko bera izan. Vilak korrika asko hobetu du iaztik hona, eta Galinierrek korrikako saioan abantaila ederra hartu bazuen ere, bizikletako tartean hasierako kilometroak bakarrik eginda, atzetik zetozenek berehala jan zuten. Bizikletan, Vilak oraindik sasoi puntu ederrean dagoela erakutsi zuen, eta Oñatira bakarrik iritsita korrika egin beharreko azken lau kilometroetan nahikoa izan zuen eustearekin.

Emakumezkotan, berriz, Itsaso Leunda izan zen azkarrena (2:00:52), eta 23 urtez azpikoetan azpimarratzekoa Gurutz Larrea antzuolarrak (Antxintxika Triatloi Taldea) egindako lehen postua (1:47:05). Gorka Anduaga oñatiarra, berriz, hirugarren izan zen kategoria horretan (1:58:30). Eta oñatiarren artean, Iñaki Pelayo –sailkapenean 19. postuan– eta Gurutze Altuna –Emakumezkotan bosgarren– izan ziren onenak.

GOITBko Harmailatik kirol saioa berezia izango da, duatloiaren gainekoa.

Emaitzak, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak