Aldamioa jarri dute
Industria sailak agindutako segurtasun neurriak betetzeko, parrokiako argindar instalazioa aldatu zuten lehenengo. Oraingo honetan, erretaula nagusiko eta elizako bi sarreretako argiztatzea berrituko dute. Aldare nagusiko erretaularen argiztatzea era berezian aldatuko dute: hain justu ere, erretaulako santu eta irudien argiztatzea bakarka berrituko dute. "Aldare nagusiak duen edertasuna eta balioa agerian geratuko da argiztatze berriarekin", esan digu Joxan Larrañagak. Bestalde, Pietateko eta Errosario kaperetako erretauletan lan orokorragoak egingo dituzte. Hain justu ere, argi-puntuak habeetan jarriko dituzte.
Kriptako sarrera
Unibertsitate etorbideko eta plaza aldeko sarreretako argiztatzea indartu egingo dute. "Azkenaldian hainbat erorketa egon dira sarreratan ilun dagoelako. Arrisku hori ezabatu eta arazoa konpondu nahi dugu", dio Larrañagak. Bestalde, aldare nagusiaren azpian dagoen kriptako sarrera argiztatu egingo dute.
Lanak martxo bukaera aldera bukatuko dituzte Ikustek enpresako langileek.