Otsailetik aurrera beste enpresa batek kudeatuko du Arantzazuko hospederia

Arritxu Barruso 2009ko urt. 23a, 17:30
Abuztuan ireki zituenbere ateak Arantzazuko hospederia berriak. Lau hilabete beranduago, abenduan, Aizkorri Gestion enpresak jakinarazi zion Arantzazu Gaur Fundazioari barne egoera txarra zela-eta utzi egingo zuela ostatua; hori horrela, fundazioak erabaki zuen ahalik eta modu adiskidetsuenean bukatzea Aizkorri Gestion enpresarekin zeukaten kontratua eta lehenbailehen aurkitzea hospederia kudeatuko zuen enpresa berria.

Arantzazu Gaur Fundazioa tartean erakunde publikoek osatzen dutenez (Oñatiko Udala eta Diputazioa), lehiaketara atera zuten hospederia zaharraren kudeaketa; dagoeneko erabaki dute otsailetik aurrera ze enpresa arduratuko den ostatuaz: "Ustekabean hartu gintuen berriak. Urtarrilean hospederia ixtea aurreikusita zegoen, langileei oporrak emateko eta lan batzuk egiteko. Baina, gure ardura zen ea zein arduratu behar zen ostatuaz otsailetik aurrera. Zorionez dena oso azkar joan da eta dagoeneko badaukagu enpresa hori", azaldu du Iker Uson fundazioko kideak.  Dena dela, ez dute enpresaren izena publiko egin nahi izan. Aurreratu dute, bakarrik, euskalduna dela eta ostalaritza munduan eskarmentu askokoa.

Langileak

Hospederian lanean ziharduten langileei dagokienez fundaziotik azaldu dute aukera asko daudela enpresa berriak langile berberak kontratatzeko: "Guk bi konpromiso hartu genituen: langileak uneoro informatuta edukitzea eta ahalik eta esfortzu handiena egitea enpresa berriak orain arteko langileak kontratatu ditzan. Esfortzu horiek emaitzak ematen ari dira eta itxaropentsu gaude. Uste dugu langileek, portzentaia handi batean, lanean jarraituko dutela", dio Usonek.

Irekiera eguna

Oraindik zehazteke dago, otsailean, ze egunetan irekiko den hospederia, baina, fundazioak adierazi du lehenengo hamabostaldian izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak