Dantzarien kriskitin doinuak 10:00etarako entzun dira Oñatiko kaleetan. Urtero legez, San Miguel parrokiaraino lagundu dituzte prozesioan parte hartzekoak ziren irudi guztiak.
Zertxobait lehenago, 09:45ean, abiatu da turismo bulegoak antolatutako bisita gidatu berezia. "Unibertsitatea eta udaletxearen gaineko azalpenak jaso ditugu", adierazi digu parte hartzaileetako batek. "Jarraian, Santa Ana aretora eraman gaituzte San Miguel eta Apostoluak nola janzten dituzten ikusteko. Interesgarria izan da".
Zerura begira
Zerura begira eman dituzte eguneko lehenengo orduak Oñatin. Aste bukaeran giro trumoitsua izan dugu inondik inora. Han eta hemen eragindako kalteak ez dira txikiak izan. Oñatiko prozesiorako, ordea, ateri egon da. Miraria, akaso? "Bigarren urtea dut dantzarien kapitain lanetan", esan digu Julen Kortabarriak. "Aurretik beste zortzi egin ditut gorriz. Ez du sekula euririk egin. Batean tanta batzuk prozesio amaieran, baina ezer gutxi". Txukun egin du bere lana Juan Antonio Agirianok. Bigarren urtez 25 kilotako jantzia eroan du soinean. Berarekin batera 500 bat herritarrek eta 15 irudik osatu dute prozesioa.
Ekitaldi guztiak egin dira
Udal ordezkariak gustura agertu dira Gorpuzti jaiek emandakoarekin. "Dena ondo joan da", adierazi digute, "normaltasun osoz. Ekitaldi guztiak egin dira eta jendetsuak izan dira, gehienbat zapatuko herri lasterketa eta domekako prozesioa".
Umorezko bakarrizketa saioan 180 lagun elkartu zirela adierazi digute. Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoak bi emanaldi egin dituzte; bata bete egin dute eta bigarrenean 40 lagunetik gora batu dute. Udaletxetik, beraz, balorazio positiboa egin dute.