Osasun etxeko parkinga berrantolatuko dute

Mireia Bikuña 2010ko urt. 19a, 17:43
Aparkalekuak zabalagoak izango dira, eta hiru medikuendako eta erizainendako gordeko dituzte. Lanak datozen egunotan hasiko dituzte udal langileek, eguraldiak laguntzen badie.

Osasun Zentroaren atzealdean dagoen aparkalekua berrantolatzea erabaki du Udalak. "Herritarrak kexu dira aparkalekuaren gainean. Autoak uzteko tokiak estuegiak direla diote, eta arrazoi dute. Osasun Zentroko arduradunek ere euren desadostasuna helarazi digute behin baino gehiagotan, eta berrnatolatu egingo dugu", dio Hirigintzako zinegotzi Angel Biainek.
Udal langileek marradun aparkalekuak berriro margotuko dituzte, eta toki zabalagoak utziko dituzte. Hain zuzen ere, 2,50 metroko zabalera izango dute –orain arte, 2,10ekoak ziren–.
Ondorioz, aparkaleku gutxiago egongo dira aurrerantzean. "Ez dugu toki asko galduko, lau bat-edo. Egun 64 autorendako tokia dago, eta neurri berriekin 60 bat aparkatu ahalko dituzte", dio Biainek.

Hiru toki erreserbatuta

Bestalde, Osasun Zentroko arduradunek egindako eskaera aintzat hartuta, 60 aparkaleku horietatik hiru larrialdietarako gordeko dituzte. "Ondo adieraziko dugu zeintzuk dira libre utzi beharreko hiru tokiak. Larrialdietan lanean dabiltzan medikuendako eta erizainendako bakarrik izango dira", dio Biainek.

Lanak, zatika

Lehen-lehenik marra zuriak beltzez margotuko dituzte, ondoren toki berriak zehazteko.
Lanok erabiltzaileengan ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, aparkalekua berrantolatzeko lanak zatika egingo dituztela esan digute. Oraindik ez dituzte egunak zehaztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak