2010. urterako onartutako ordenantza fiskal gehienek %0,8ko igoera izango dute; hau da, 2009ko abenduaren 31rako aurreikusita dagoen KPIa. "Igoera txikia da, baina aplikatu beharrekoa. Krisian gauden arren, sarrerak behar ditugu-eta", esan duen alkateak. Dena den, badaude tasa batzuk igoerarik izango ez dutenak; besteak beste, zaborrarenak, udako kirol kanpainarenak, ludotekarenak, gaztelekuko zerbitzu batzuenak, kiroldegiko txartelarenak eta lurrazpiko parkingarenak.
Telefonia mugikorreko tasa
Ura eta estolderiaren kasuan Gipuzkoako Ur kontsortzioak erabaki beharko du igoera (Udalak iaz utzi zuen uraren kudeaketa integrala kontsortzioaren esku), baina iaz onartutako hobariak mantendu egingo dituztela esan zuten osokoan.
2010eko ordenantza fiskaletan telefonia mugikorreko operadoreei kobratuko dieten tasa berria onartu zuten. Bide publikoaren okupazioagatik 22.000 euro inguru jasoko ditu udalak. "Orain arte telefonia finkoko operadoreek ordaintzen zuten, baina Auzitegi Gorenak Badalonako Udalaren alde hartutako erabakia ezagututa, tasa berria kobratzea erabaki dugu", esan zuen alkateak. Gaineratu zuen, eremu publikoa okupatzen duten kutxazainei – Kutxakoa eta Gipuzkoano Banketxekoa – ez dietele tasa berezirik kobratuko.
PP eta Oñati Ezkerretik
PPko zinegotziak ondo baloratu zuen ordenantza fiskalen igoera txikia izatea eta telefonia mugikorreko tasa kobratzea, baina abstenitu egin zen. Oñati Ezkerretik koalizioak aldiz krisiaren eraginez tasak mantendu egin beharko liratekeela esan zuen eta kontra bozkatu zuten.