"Orain arte egin dugun lanarekin gustura gaude"

Mireia Bikuña 2009ko mar. 12a, 10:56
Ganbara Gaztekoak ETBko 'Oh happy day' saioko azken txanpan sartu dira Donostiarekin, Bermeorekin, Trapagaranekin eta Errenteriarekin. Zapatuan, 'La fabrica de chocolates' pelikulako 'Wonkabite' abestuko dute. "Lehiaketarako aurkeztu genuen kantuetako bat da", esan digu. Abesbatza bakoitzak zehaztuta ditu abestu beharreko kantuen izenak: batzuk epaimahaiak jarritakoak dira eta beste batzuk taldeak aukeratutakoak.

Azken txanpan sartu dira. Finala apirilaren 25ean egingo dute zuzenean, eta ordura arte saioaren dinamika aldatu egin dutela esan digu Ganbara Gazteko zuzendari Aitor Biainek: "Biharko saioan bi kantu abestuko ditugu, bat lehiaketarako eta bestea Grease musikaleko pot-pourria. Epaimahaiko kideek bi talde izendatuko dituzte, eta ez hiru orain arte moduan". Hurrengo zapatuan lau talde geratuko dira eta hiru saio berezi egingo dituzte: "Finalerdi berezia egingo dute. Hiru saio egingo dituzte, eta abesbatza bakoitzak kantu bat baino gehiago abestuko ditu. Hiru saio horietan ez dituzte izendapenik egingo, baina hirugarrenean abesbatza bat kanporatuko dute. Hiru talde onenak finalera pasako dira", esan digu Biainek.

Finalean bi sari banatuko dituzte: alde batetik, epaimahaiak aukeratutako irabazleak 6.000 euro jasoko ditu; eta beste alde batetik, ikusleen saria banatuko dute. "Lehiaketan parte hartu dugun talde guztiok dugu ikusleen saria eskuratzeko aukera".

Finalean egoteko aukerei buruz galdetu diogu Aitor Biaini: "Egia esan, nahiko zaila da. Gu oso konforme gaude orain arte egindako lanarekin. Bost abesbatza onenen artean gaude eta esperientzia hartzeko aukera polita izan dugu". Dena den, esan digu nekatuta daudela dagoeneko. "Domekatan egiten dugu entsegu nagusia, eta eguaztenetan azken ukituak egiten dizkiogu kantuari. Egubakoitzetan 16:00etan irteten gara Miramonera, eta 02:00etan heltzen gara etxera", dio Biainek.

Finalean egon daitekeen hautagai bat aurreratu digu: "Donostia finalean egongo da".

Epaimahaiko kritikak

Iñigo Arbiza, Miren Fernandez eta Unai Zabaleta dira Oh happy day saioko epaimahaiko kideak, eta eurak dira abesbatzen lana baloratzen dutenak: "Batzutan hitz gogorrak esan dizkigute, adibidez, aurreko asteko saioan. Baina, errespetu handiz entzun eta onena ateratzen ahalegintzen gara. Dena den, epaimahaiaren aurrean kritikak entzuten gaudenean ez da erraza aurpegi ona ipintzea". Oñatiko abesbatza behin izendatu dute, eta taldeak ondo erantzun zuela esan digu zuzendariak: "Izendatuta urduriago abestu genuen, baina maila ona eman genuen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak