Oñatitik Suitzara, bi lasterketa gogorretan parte hartzera

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abuztuaren 19a

Iker Agirrebalzategik eta Iban eta Argider Isastik, Suitzako bi lasterketatan parte hartuko dute. Lehengoa, Inferno Triathlon deiturikoa, hilaren 23an, zapatuan, izango da eta bigarrena, Ultra-Trail du Mont Blanc, hilaren 29an. Gogotsu entrenatu ondoren, gogoz daude hirurak duten onena emateko, eta ondo pasatzeko asmoaz joateaz gain, probak amaitzea dute helburu. Disziplina desberdinetan aritu beharko dira horretarako, bai igerian, bai bizikleta gainean eta baita atxintxiketan ere.

Geroz eta gehiago dira urtean zehar entrenatzen aritu eta atzerrian proba gogorretan parte hartzeko aukera egiten duten Debagoiendarrak. Iker Agirrebalzategi, eta Iban eta Argider Isasti oñatiarrek, hori da egingo dutena. Izan ere, gogor entrenatu dute azken aste eta hilabeteotan, asteon Suitzan jokatuko diren bi proba gogorretan parte hartzeko helburuarekin.

Lehena abuztuaren 23an, zapatua izango da eta Iban eta Argider Isasti anaiek hartuko dute parte. Lehen euskaldunak izango dira gainera proba hori egiten. Guztira 5500 metroko desnibel positiboa duen proba da, eta igeri, bizikletan ibili eta atxintxika ere egin beharko dute. Probak Infernuko triathloia izena du eta izena entzutea  nahikoa da probaren gogortasunaz jabetzeko.

Bigarren probak, Ultra-Trail du Mont Blanc izenekoak, 166 kilometro luze ditu. Proba egiten, 9400 metroko desnibel positiboa  gainditu beharko dute parte hartzaileek. Oñatitik, iker Agirrebalzategik eta Iban Isastik egingo dute. Chamonixen, Frantzian, hasiko dute proba eta Italiatik eta Suitzatik pasatu ondoren berriz ere Chamonixen amaituko dute lasterketa. Tarte horretan baina, Mont Blanc mendiari buelta osoa emango diote korrika. Bigarren proba hau abuztuaren 29an izango da, lehenengotik ia aste betera. Beharko dute tarte hori proba batetik bestera indarrak berreskuratzeko.

Oñatiarrek, halako probetan hainbat faktorek eragina izan dezaketela badakiten arren, garrantzitsuena burua ondo izatea dela uste dute.

Gogor entrenatu dute hirurek Suitzan ahalik eta ondoen egiteko ahaleginetan. Lehen helburua eta nagusiena, ondo pasatzea dela diote, eta horrekin batera probak amaitzea da euren buruei ipini dioten erronka nagusia. Animo, bada, hirukote eta hemendik zorte ona opatzea baino ez zaigu gelditzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak