Oñatiko unibertsitate campus berria: 11 milioi euroko aurrekontua du eta 2010ean inauguratuko dute

Usoa Agirre 2009ko ots. 23a, 21:10
Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultateak eta MIK Ikerketa Zentroak Oñatiko unibertsitate campus berriaren proiektua abian jarriko dute. Campusak Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultate berria eta MIK Kudeaketako Ikerketa Zentroa hartuko ditu, Oñatiko Unibertsitate eta Teknologia Hirian.

Proiektu horretan 11 milioi eurotik gora inbertituko dituzte eta 2010eko irailean hasiko du jarduna, urte horretan Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultatearen Urrezko Ezteiak baitira. 

Nazioartean erreferente izatea helburu

Campusaren helburua nazioartean erreferente izatea da enpresen kudeaketarako prestakuntzan eta ikerketan.

Azpiegitura berriak hiru esparru hartuko ditu

  1. Enpresa-kudeaketaren esparruko prestakuntza, Goi-mailako Irakaskuntzaren Europako Esparrura egokitutako hiru titulaziorekin: Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradua; Internacional Management Assistant gradua; eta Ekintzailetzako eta Berrikuntzako Lidergo-gradu.
  2. Etengabeko prestakuntza eta graduondokoak emango dira, jarduneko zuzendariei eta profesionalei zuzendutako Master-programekin, horien etengabeko prestakuntza eta garapena helburu dutela. 
  3. MIK proiektu berria garatuko da, fakultatearen ikerketa-unitatetik eta MIKek gaur arte garaturiko proiektutik datozen ahalmenak batuko dituena. Ikerketa Zentroak planteamendu berria izango du. Misioari dagokionez, kudeaketa aurreratuan mailarik goreneko ikerketa-jarduerak egingo ditu, bi helburu handi hauekin: kudeaketa aurreratuko ezagutza berriak sortu eta garatzea eta emaitzak enpresei eta gizarteari transferitzea.

Ibarrako kirol-esparruko lurretan

Campus berria Ibarrako kirol-esparruko lurretan eraikiko da Oñatin. 10.000 m2ko azalera izango du guztira. Horren azalera eraikia, berriz, 8.752 m2koa izango da. 

 Eraikinak hiru solairu eta sotoa izango ditu, eta honako hauek hartuko ditu barne: hogei bat gela prestakuntzarako; zazpi gela etengabeko prestakuntzarako eta masterretarako; laborategiak ikerketa-jardueretarako; informatikako gelak; hizkuntza-laborategiak.

 Horien osagarri honako hauek izango ditu eraikinak: ekitaldi-areto handi bat, kudeaketa- eta administrazio-gunea, sailak, liburutegia, bilera-gelak eta 200 aparkaleku.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak