Oñatiko Udal Musika Bandak eta Oskorrik kontzertu arrakastatsua eskaini zuten

Jasone Zabala 2008ko uztailaren 20a

Arrakastatsua izan zen egubakoitzean Oñatiko Udal Musika Bandak eta Oskorrik Zubikoako kiroldegian eskaini zuten kontzertua. Lepo bete zen kiroldegia kontzertua ikusteko; harmailak eta ekitaldirako ipini zituzten aulkietan ez zegoen lekurik; guztira 800 pertsona izan ziren bertan. Oskorrik taldearen 35.urteurrena ospatzeko, 2007ko ekainean Oskorri Banda Band izeneko diskoa kaleratu zuen. Ordutik herririk herri aurkezten dihardute diskoa.

 

'Atzeko kale'

Eskenatoki gainean guztira 60 musikari egon ziren –Oskorri taldeko zazpi kide eta 53 herriko Bandakoak, Inazio Ibarrondoren zuzendaritzapean.
Udal Bandak 14 pieza eskaini zituen eta Oskorrik hiru; guztira 17. Kontzertuari amaiera, Atzeko Kale lanarekin eman zioten; herrian oso ezaguna den lana da; Antonino Ibarrondok 1930. urtean egindakoa. Eskainitako beste lan batzuk, Desertore, Furra-furra, Argioilarrak, Bizkai purri eta Lamikizko sukaldaria izan ziren.

Debagoieneko herri bakarra

Oñati izango da Debagoienean Oskorrik bere diskoa aurkeztuko duen herri bakarra.
Udal Musika Bandako zuzendaria Inazio Ibarrondok, adierazi digu, ekitaldi honetarako gainera esfortzu handia egin dutela musikariek, urtean zeharreko kontzertu batzuen entseguak alde batera utzi behar izan dituztelako, buru belarri aritu baitira egubakoitzeko kontzertua prestatzen. Kontzertua amaitu ostean, Ibarrondo gustura zegoen eskainitako ekitaldiarekin, bi arrazoiengatik: "Alde batetik, kontzertua ondo irten delako eta jendea gustura atera delako kiroldegitik, eta bestetik, lan handia suposatu duelako dena prestatzea eta azken emaitza ona izan delako; bai gu eta baita Oskorri taldekoak pozik geratu gara emaitzarekin". Bertara hurbildu ziren ikusleak ere oso gustura atera ziren ordu eta erdi iraun zuen kontzertutik.
Udal bandaren hurrengo kontzertua datorren irailaren 9an izango da Arantzazun, Arantzazuko amabirjinaren eguna ospatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak