Oñatiko Kondearen Jauregia berritu egin dute Arabako Buradon Gatzaga herrian

Mireia Bikuña 2009ko urr. 13a, 12:10

Arabako diputatu nagusi Xabier Agirrek inauguratu zituen birmoldaketa lanak. Aurrerantzean bisita gidatuak egingo dituzte Buradon Gatzagako herri gunean.

Oñatiko Konde Iñigo Velez de Guevara Tassis-ek (1566-1644) Arabako Buradon Gatzagan duen jauregia eraberritu egin dute. Urriaren 1ean egin zuten inaugurazioa. Ekitaldian parte hartu zuten Arabako diputatu nagusi Xabier Agirrek; Toki Administrazio eta Lurralde Orekaren Foru diputatu Alfredo de Miguelek; eta Gatzaga Buradongo Administrazio Batzarreko presidente Mari Luz Urretxuk.

800.000 euro baino gehiago
Arabako Foru Aldundiak 814.000 euro inbertitu ditu Oñatiko Kondearen jauregia eta herri gune historikoaren eraberritzeak egiteko. Ahaldun nagusiak egindako lanaren garrantzia azpimarratu zuen: "Egin ditugun lanak garrantzitsuak dira; alde batetik, Aldundiak dirutza handia erabili duelako; eta beste alde batetik, Buradon  Gatzagako herri gune historikoa eraberritu dugulako. Izan ere, Arabako ibilbide turistiko nagusienetakoa da".
lanak bost fasetan
Bost fasetan egin dituzte eraberritze lanak; besteak beste, herriko oinarrizko azpiegiturak eta zoladura berritu dute. Dena den, lanen helburu nagusia Sarmientotarren dorretxearen egonkortasuna ziurtatzea zen.
Oñatiko Kondeen jauregiaren barruan esparru berezia egin dute aurrien xarmari eutsita turismoarekin lotutako jarduerak egiteko; besteak beste, bisita gidatuak eta erakusketak egin ahal izateko.

107 bizilagun
Buradon Gatzaga Arabar Errioxar eskualdean dago, eta 107 bizilagun ditu. Miranda De Ebrotik (Burgos) 14 kilometrotara, Harotik (Errioxa) 8 kilometrotara eta Bastidatik (Araba) 8,7 kilometrotara dago. Herriak bi kale nagusi ditu eta biak harresi bidez elkar lotzen dira. Herri gunean plaza nagusia dute, eta inguruan askotariko monumentuak, batzuk errenazimendu garaikoak.
Buradon Gatzagako herri gune historikoari Multzo Monumental izaera eman zion Eusko Jaurlaritzak 2003ko otsailean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak