Oñatiko informazio geografikorako sistema publikoa aurkeztu dute

Txomin Madina Milikua 2008ko uzt. 14a, 10:57
Sistema honi esker, profesionala izan edo ez, Internet bidez kontsultatu ahalko dira herriko mapa ezberdinak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta Geograma enpresarekin elkarlanean garatu du Oñatiko Udalak herritarren eskura jartzeko informazio geografikorako sistema.  Sistema honekin, herritarrek edo profesionalek, Oñatiko herriaren inguruko kartografia kontsultatu ahalko dute Internet bidez.

1998az geroztik ibili da Geograma enpresa Oñatiko mapak egiten, oinarritik hasi eta gero eta mapa garatuagoak eginaz. Kale izendegiak, arau subsidiarioak, bideen inbentarioa, oinarrizko kartografia eta erreferentzi topografikoen sarea kontsultatu ahalko dira internet bidez. Kale izendegi digitalak adibidez, Oñatiko interes gune nagusiak bilduko ditu, eta kalea eta zenbakia jarriz, eraikinak bilatu ahalko dira.

Profesionalendako aurkezpena

Sistema nahiko berritzailea da Oñatikoa. Geogramak adibidez, Astigarragan eta Oñatin bakarrik garatu du orain artean eta Arrasaten eta Eskoriatzan ere lantzen dira. Sistema hau aurkezteko jardunaldiak egin zituzten egubakoitzean alor honetan lan egiten duten profesionalei zuzenduta, eta Lourdes Idoiagak alkateak esandakoaren arabera, interes dezente piztu zuen erakunde publiko zein pribatuetako arkitekto, aparejadore eta teknikariak bilduz.

Interneten dagoeneko kontsulta daitezke mapa hauek, eta egubakoitzean profesionalen aurrean aurkeztu bazuten, irailean herritarrendako egingo dute bigarren aurkezpen bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak