Urte osoan zehar taldean aritzen diren lagunak, elkarren aurka kantari izango dira zapatutik. Hamabost bertsolariko taldea lehiatuko da aurtengo txapelketan. Zapatuan, martxoaren 1ean hasita, hiru kanporaketa jokatuko dira finalistak aukeratzeko. Kanporaketa bakoitzetik, bi bertsolari sailkatuko dira zuzenean finalerako.
Saio guztiak Pako tabernan jokatuko dira, 18:00etan eta finala, aldiz, Arrano elkartean izango da, martxoaren 29an. Mirari Sagarzazu izango da gai jartzailea. Zapatuan, Urko Egaña, Joseba Lasagabaster, Egoitz Aizpuru, Ander Lizarralde, Andoni Goitia eta Josu Igartuak jardungo dute bertsotan. Bestalde, hurrengo zapatuan, martxoaren 8an, Joseba Igartua, Xabier Pascual, Julen Romaratezabala, Mikel Kortabarria, Gorka Larrea eta Iñaki Olalderen txanda izango da. Azkenik, martxoaren 15ean, Arantzazu Sagarzazu, Egoitz Atxaga, Endika Ruiz, Iñaki Igartua eta Beñat Alberdik egingo dute saioa. Esan bezala, sei onenak sailkatuko dira martxoaren 29ko finalerako.