Oñatiarrek bizikletak hartu dituzte mugikortasunaren alde

Arritxu Barruso 2009ko ots. 15a, 19:10

Bizikletek eta kaskoek Oñatiko kale eta bideak hartu dituzte gaur goizean. Oñatiko Herri Eskolako guraso elkarteak Mugikortasunaren Festa antolatu dute eta herritar talde polita erakartzea lortu dute. Helburua zen, autoa alde batera utzi eta mugikortasun jasangarri eta osasungarri baten aldeko apustua egitea.

Euskadi Fundazioa

Dena dela, bizikleta gainera igotzerako orduan ezinbestekoa da segurtasun neurriak hartzea. Horixe da, hain justu ere, Euskadi Fundazioko kideek Mugikortasunaren Festan parte hartu dutenei azaldu dietena.


Santa Ana aretoan gela pedagogiko bat ipini du fundazioak eta 10:30ean segurtasun neurrien gaineko hitzaldia eman dute. Ume eta gurasoek adi-adi entzun dituzte azalpenak. Gauza asko dira bizikletarekin errepidean gabiltzanean kontuan izan beharrekoak, baina, Euskadi Fundazioko kideek elementu bat azpimarratu dute bereziki: kaskoa ipintzearen garrantzia.   Horretaz ohartarazteko istripua izandako txirrindulari baten kaskoa erakutsi dute. Gaztetxoenak berehala konturatu dira kaskoa eroan ezean txirrindulari horrek izango zituen arazoak eta kalteak. Bidegurutzeetan eskuarekin hartuko dugun norabidea adieraztea ere oso garrantzitsua dela azaldu dute fundaziokoek. Bizikleten atalen eta piezen gaineko azalpenak ere eman dituzte.

Euskaltel Euskadi

Euskaltel Euskadi txirrindulari taldeko Markel Irizar eta Iban Velascok ondo dakite zer den errepideetan barrena bizikletan ibiltzea. Bada, horiek ere hitzaldian izan dira. Azalpen handirik ezin izan dute eman, gaztetxoenak boligrafoak eskuetan, sinadurak eskatzeko zain zituzten-eta. Umeen nahia bete eta behar beste sinadura eman ostean bizikletara igotzeko momentua iritsi da.


Oñatiko Herri Eskolako guraso elkarteak ibilbide polita antolatu du, 40 minutu ingurukoa, eta adin guztietako pertsonak egiteko modukoa. Bada, hitzaldian izan diren guztiak, bizikleta hartu, eta Irizar eta Velascorekin batera bizikleta ibilaldia egin dute. Astiro-astiro joan dira guztiak pelotoian, txirrindulari profesionalek argi utzi dute-eta, lehenengotik, gaurkoa ez zela lasterketa bat. 


Ibilbidea egiteko gazteegiak ziren umeek ere bizikletan ibiltzeko aukera izan dute. Herriko plazan txikitxoenendako zirkuitu bat antolatu dute.


Oñatiko Herri Eskolako gurasoak pozik azaldu dira herritarrengandik jasotako erantzunarekin. "Oso ondo joan da guztia. Pozik gaude. Eguraldiak lagundu digu eta, gainera, uste genuena baino jende gehiago etorri da. Gurasoak ere asko inplikatu dira eta oso gustura gaude", azaldu du Jesus Aranburu Herri Eskolako guraso elkarteko kideak.


Oñatiarrek, gaur, mugikortasun jasangarri baten aldeko keinu polita egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak