Oñatiarrak nagusi (3-2) gol eta txartel festa izan den derbian

Roberto Idigoras oñatiarrak eta Ander Bereziartua arrasatearrak bina gol egin dituzte.

Bost gol eta 12 txartel ikusi ditugu Azkoagainen Aloña Mendik eta Mondrak jokatutako derbian. Partidu borrokatua izan da azken minutura arte. Etxeko taldeak garaipena eta sailkapeneko lehenengo postuetan jarraitzeko hiru puntuak lortu ditu. Gainera, Aloñak datorren denboraldirako bere presentzia ziurtatu du ohorezko mailan horretarako beharrezkoak diren 40 puntuak pilatzea lortu baitu dagoeneko.
     Zuri-moreendako derbiak sentsazio gazi-gozoa utzi du. Joko serioa egin dute eta 30. minututik aurrera jokalari bat gutxiagorekin gelditu arren aukerak sortzen eta golak egiten asmatu dute. Euren esanetan derbiak ez du emaitza justua izan. "Epailearen lanak zeharo baldintzatu du partidua".

Bost gol, 12 txartel

Aloña 11. minutuan aurreratu da markagailuan. Roberto Idigorasek buruz sartu du etxekoendako lehenengo gola. Maldaz gora ipini dira gauzak Mondrarendako eta hori gutxi izango ez balitz 31. minutuan jokalari bat gutxiagorekin gelditu dira Jon Loitik bigarren txartel horia jasota. Aloñaren aldeko penaltia ere adierazi du epaileak  "arrasatearrak kamisetatik heldu du oñatiarra", adierazi du Guadixek. Mondrako atezainak, baina, gelditu egin du Unai Arregiren jaurtiketa. Lehenengo zati honetan epaileak lau txartel adierazi ditu; hiru Mondrari eta bat Aloñari.
     Atsedenaren ostean indar berrituta irten dira jokalariak futbol zelaira. Aukerak sortzen asmatu dute eta beste lau gol ikusteko aukera egon da Azkoagainen. Aloñako Roberto Idigorasek egin du 2-0ekoa etxeko taldearendako. Eskumako hankarekin jo eta goiko zutoinera bidali du baloia. Hortik, barrura.
     Mondraren lehenengo tantoa 60. minutuan iritsi da. Falta baten ondorioz Ander Bereziartuak egindako jaurtiketak ondo engainatu du etxeko atezaina. Iñigo Arregik egin du Aloñarendako 3-1ekoa (87. min.), eta atzera ere Bereziartuak 3-2koa Mondrarendako 89. minutuan.
     Mondrako Kepa Mercaderrek bigarren txartel horia jaso du norgehiagokaren 95. minutuan. Zigortuta egongo da beraz hurrengo jardunaldietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.