Herritarrek arzuagatarrak zenbat maite zituzten nabarmen gelditu zen barikuan egin zitzaien omenaldi hunkigarrian. Kultura etxeko aretoa gainezka eta jendea zutik; batek baino gehiagok malkoak izuri zituen Jabier Arzuaga anaiaren hitzekin eta txikitako pasarteekin. "Arimarekin marrazten zuen Migel Angelek; Joxe Mari, berriz, musikarako jaio zen. Sen berezia zuten biek eta maisuak ziren". Gerardo Elortzak nabarmendu zuen oñatiar askok zor diotela Migel Angel Arzuagari margoarekiko zaletasuna eta sortutako grina.
Edorta Kortadi arte kritikoak berandu deskubritu zuen Arzuagaren lana. Kortaduik Euskal Herriko paisajista onenen artean kontsideratzen du Arzuaga. "Oñatiko paisajista moduan da ezaguna, eta post inpresionismoko erreferentzia bat da Arzuaga. Berezkoa zuen marraztea".
Ekitaldi jendetsua
Senitarteko eta aspaldiko lagunen arteko bilkura izan zen omenaldia. Aretoa beteta, aurpegi ezagun asko gerturatu ziren, besteak beste: Lourdes Idoiaga, Xabier Zubizarreta Txiron, Andoni Gartzia, Xabier Ugarte, Loli Ordoki, Jose Antonio Azpiazu eta Txutxin.
Bidaurreta, San Migel Parrokia, Lazarraga dorrea, Oñatiko kale eta pertsonaia esanguratsuak, iturriak... nostalgiaz beteriko erakusketak, askori, oroitzapen ederrak ekarriko dizkio. Hilaren 26ra arte dago zabalik kultura etxean.