'Oñati Udara 2009' kanpaina aurkeztu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko eka. 11a, 18:44
Arrikrutz barne-barnetik ezagutu, edo ohi ez bezalako bidaia batean euskal artzain mundua hurbiletik ezagutzeko aukera ematen du aurtengo 'Oñati udara 2009' proiektuak. Gaur egin dute proiektuaren aurkezpena.

Ohiko bisita gidatuekin jarraitzeaz gain, aurtengo Oñati Udara 2009 proiektua berritasunez josia dator. Berritasun horietako bat da Arrikrutz kobaren inguruan antolatu dituzten ibilaldiak.

Hiru ibilaldi berezi

Arrikrutz barne-barnetik ibilaldiak koba barrutik ezagutzeko aukera eskainiko du, pasarelatik kanpo. Aldaola errekan hasiko da ibilaldia, eta estalaktita berezi bat, eszentrika izena duena ikusteko aukera egongo da. Igandetan egingo da ibilaldi hau: uztailak 5 eta 19, eta abuztuak 9 eta 23. Arropa egokia eramatea ezinbestekoa izango da. Salneurria 15 euro.


Beste ibilaldi berezia Arrikrutz zuzen-zuzenean izango da. Ohiko musika gabe, gidariak emango ditu azalpenak. Bisitak uztailak 11 eta 25, eta abuztuak 1, 15 eta 29 izango dira. Salneurria 8 euro.

Hirugarren bisita Arrikrutz kobaren kanpoaldea ezagutzea izango da, Gesaltza-Arrikrutz sistema karstikoa, hain zuzen. Bisitak uztailak 4 eta 18, eta abuztuak 8 eta 22 izango dira. Interesatuek erreserba egin beharko dute 943 082000 telefonoan.

Artzain txakur txapelketa

Oñatiko tradizioarekin jarraituz, esan behar da aurten Nazioarteko Artzain Txakur Lehiaketaren 50. edizioa jokatuko dela. Irailaren 27an izango da, eta urteurren horren harira ospakizunak egingo dituzte. Horietako bat izango da, esaterako, Gomiztegi baserrian euskal artzai mundua hurbiletik ezagutzeko aukera. Salneurria 7 euro artzain txakurraren erakustaldiarekin, eta 5 euro erakustaldi gabe.


Korpus eguna


Domekan Korpus eguna ospatuko dute Oñatin; horren inguruan ere antolatu dituzte bisitak. 09:45ean hasiko da,Turismo bulegoan eta unibertsitatea eta parrokia bisitatu ondoren San Migel eta apostoluak nola janzten diren ikusteko aukera egongo da.

Bestalde, uztaila eta abuztuko aste bukaeratan Unibertsitatean bertan jarriko dute informazio puntua eta bisitak egiteko aukera egongo da.

Ernesto Murgiondo zinegotziak adierazi du prentsaurrekoan krisiak eragina izan duela turismoan. Horren aurrean, betiko bisitariez gain, inguruko turista potentzialetan egingo dutela ahalegina esan du.

Krisiaren eragina

Datuek diote, iazko ekainetik aurtengo otsailera bitartean turismoa %20 inguru jaitsi dela Oñatin. Baina baikor azaldu dira aste santuko datuak onak izan direlako eta martxotik aurrera berriro ere gora egin duelako bisitari kopuruak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak