Oñati, Gipuzkoan senidetze gehien dituen herria

Miren Arregi Amasorrain 2008ko ekainaren 5a

Oñati da Gipuzkoan, senidetze gehien dituen herria. Hain zuzen ere, 5 herrirekin dago anaituta eta beste hirurekin ditu adiskidetasun hitzarmenak sinatuta. 1997an egin zuten lehen senidetzea Mexikoko Zacatecas herriarekin eta ordutik Oñatiko kultur talde, ikastetxe zein enpresek harremanak mantendu dituzte anaitutako herriekin

Oñatiko senidetzeekin arduratzen da anaitze batzordea. Anaitze batzorde hori, alderdi politikoetako ordezkariez gain, kultur taldeek, ikastetxeek eta enpresek osatzen dute. 1997an egin zuen lehen senidetzea Oñatik, Mexikoko Zacatecas herriarekin. Zacatecas herriko fundatzailea oñatiko seme bat izan zela-eta, bi herriak harremanetan ipintzeko burutazioa izan zuten. Ordutik, esan bezala, Zacatecasekoaz gain, beste 4 herrirekin anaitu da Oñati eta beste hirurekin du adiskidetasun hitzarmena sinatuta. Anaitzeak, hiru ardatz oinarri hartuta egin ziren; historikoa, elkartasuna edo solidaritatea adieraztekoa, eta kulturala.

Ardatz historikoari lotuta, Oñati honako herriekin dago anaituta. Mexikoko Zacatecas, San Luis Potosi eta Guadalajara herriekin, Argentinako Jose C. Paz herriarekin, Italiako Asis herriarekin eta Nuevo Mexikoko Santa Fe herriarekin. Guztiek ere Oñatirekin lotura historikoa dute,  herri horien fundatzaileak oñatiarrak edota oñatiarren senideak izan ziren-eta, Italiako Asis herria salbu. Ardatz solidarioari dagokionean, Oñati, Saharako Gleibat el Fula eta Argentinako Jose C. Paz herriekin dago anaiuta eta ardatz kulturalari dagokionean, Frantziako Chateaubernard herriarekin. Anaitzeen helburuak, anitzak dira. Batetik dago, Oñati eta Euskal Herria, kanpoan ezagutarazteko nahia, baina helburu nagusia da, elkartrukeen bidez, elkar aberastea, elkartasuna eta solidaritatea erakustea, elkar ulertzea eta errespetua bultzatzea.

Urte hauetan guztietan Oñatiko kultur taldeek, enpresek zein ikastetxeek, elkartrukeak, bidaiak eta elkar ezagutzeko hainbat egitasmotan hartu dute parte.

Egun, harreman estua du Oñatik Chateaubernardekin,  baina baita Argentinako Jose C Paz herriarekin ere. Argentinara gainera, erropaz, jostailuz, edota bestelako gaiez betetako 23 kontainer bidali dituzte dagoeneko eta Oñatik lagunduta, okindegiak, baratzak edota bestelako proiektu batzuk ere egin dituzte Jose C Pazen.


Jose Fernandezek azaldu digu, historikoki anaitutako herriekin, harremana zailagoa dela, tamaina, eta Oñati eta herri horien arteko distantzia dela-eta.

Datorren urtean 10 urte beteko dira Oñatik Chateaubernardekin anaitze akordioa sinatu zuela, eta urteurren horri begira, Oñatiko anaitze batzordeak badihardu ekintzak prestatzen. Ezin aurreratu ordea, oraindik zehazteke dauden gauzak direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak