Olaburu zentroan tailer eta bulego berriak egingo dituzte

Mireia Bikuña 2010ko mai. 17a, 13:28
Helburua da hutsik dagoen espazioan bulego eta tailer berriak egitea. Bestalde, karga-jasogailuaren ordez igogailua jarriko dute; eta, irisgarritasun arauetara egokituz, komunak eraberrituko dituzte. Mankomunitateko Enplegu Tailerreko Eraikuntzen Mantenua delako alorrean dihardutenek egingo dituzte lanok.

Tamaina ezberdinetakoak

Olaburu zentroak 1.800 metro koadro ditu bi solairutan. Behekoan 200 metro koadroko bi tailer daude, eta gainerako metro koadroak lehen solairuan. Eraberritze lanak bukatuta tailerretarako zazpi lokal eta zerbitzuetarako sei bulego edukiko dituzte. Lokalak tamaina ezberdinetakoak dira.

Etxe bakoitzean bi familia

Enpresa berrien sustapenerako lau laguntza mota ematen ditu Udalak: enpresa ideiaren bideragarritasun azterlanerako laguntza (300, 600 edo 900 euro); Olaburun lokal lagapena egiteko laguntza; Saiatu programa garatzeko laguntza; eta, laguntza bereziak. Laguntza horietakoren bat eskuratu gura dutenek bete beharreko baldintzak dira: Oñatikoa izatea edo Oñatin erroldatua egotea; Oñatikoa ez izan arren sortu berri duen enpresa Oñatin helbideratuta egotea; eta, enpresak, gehienez, urtebete izatea. Gainera, hamar langile baino gutxiagoko enpresa izan beharko du, eta kapital soziala 120.000 euro baino gutxiagoa.

Langile bakoitzeko 1.000 euro

Enpresa berrian sustapenerako araudian zehazten duten moduan, enpresa berriak abian jartzeko sortutako lanpostu bakoitzarengatik dirulaguntza jasoko dute. Horren harira, enpresak alta ematen duenean, langile bakoitzarengatik 1.000 euro jasoko ditu. Langileen kontratua partziala bada, dirulaguntza proportzionala izango da.  Urte bakoitzean langileri kopuruan gehikuntza balego, langile bakoitzeko 1.000 euro jasoko luke enpresak. Langile berri bakoitzeko laguntza hiru urtera arte luzatuko du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak