Askok eta askok urteroko ibilbidea errepikatu zuten. Ganadua ikusi, barazki batzuk erosi, sagardo pixka bat edan eta gose antza kentzeko taloa txorizoarekin. Izan ere, badago zer ikusi, erosi eta dastatu Oñatin Herri Egunean. Oñatiarrez gain, ibarreko jende ugari gerturatzen da egun horretan Oñatiko plazara eta unibertsitate ingurura. Ibarretik at ere, Bartzelonatik, Tarragonatik eta Madrildik iritsitakoak ere ikusi genituen herriko plazan sagardo basoa eskutan zutela. Edalotziak balio zuen euroaren truke nahi beste sagardo edateko aukera izan zuten.
Unibertsita inguruan, bestetik, barazki eta fruitu ederrak ikus zitezkeen: kalabaza ikaragarriak ( batzuek metro bat baino gehiago neurtzen zutenak), sagarrak, azelgak, azak, fruitu lehorrak... Fruituz egindako arte lanak ere topatu zitezkeen.
Ezker abertzaleak egindako taloak ere antza denez gozoak zeuden. Sekulako ilarak egin behar izan zituzten taloa txorizoarekin jan nahi izan zutenek. Unibertsitateko klaustroan, bestetik, artisauek azoka polita eskaini zuten. Ganadua, barazkiak, taloak, sagardoa, eskulanak... Azoka bete-betea benetan Herri Egunekoa.
Sariak
Sei lehiaketa izan ziren guztira herri eguneko azokan. Ardi eta bildots lehiaketak Aldai baserriko Nestor Alzelaik irabazi zituen eta ahari lehiaketa, berriz, Urtiagaineko Aitor Arnaizek. Fruituen kasuan, Iruatz Garaiko Felix Azkargortak lortu zuen lehenengo postua eta barazkietan Arendoi baserriko Marta Heznandezek. Bi lehiaketa horietan, guztira, bost parte-hartzaile izan ziren.
Gazta lehiaketara 16 gazta aurkeztu ziren eta Gomiztegi Kooperatibak lortu zuen sari nagusia.