Xabier Olabarria nagusi Aloñako Igoeran

Mireia Bikuña 2007ko api. 23a, 17:28
Eguraldi eta giro bikainekin jokatu zuten atzo Aloñako Igoeraren hirugarren edizioa. Xabier Olabarria Etxebarria izan zen azkarrena Oñatiko helmugan: 1:15:55. Orozkoko korrikalariarekin batera, Xabier Altzola gasteiztarra eta Julen Garitano antzuolarra igo ziren podiumera. Halaber, emakumeen lasterketa Alicia Romerok irabazi zuen, 1:33:31ko denbora eginez. Nerea Amilibia eta Alma de las Heras sailkatu ziren bigarren eta hirugarren tokietan.

Goizeko hamarrak eta erdietan hasi zen Aloñako Igoeraren hirugarren edizioa. Plazan, giro eguzkitsua zegoen, halaber, Aloñan, 14 gradu zeuden.

Plazatik kanposantura eta, handik, San Juan ermitara egin zuten korrikalariek. Lamiategitik jaitsita, Xabier Olabarria eta Imanol Etxeberria iritsi ziren lehenengo Urtiagain ingurura. Leku hartan, Alma de las Heras izan zen emakumerik azkarrena.

Jarraian, probako maldarik gogorrenak igo zituzten. Belarren, Etxeberriak hartu zion aurrea Olabarriari. Hala, abantaila txiki hura aprobetxatu zuen Aloñara lehen tokian iristeko. Beasaingo korrikalariak 50 minutu eta 56 segundo egin zituen Aloña gainera iristeko; emakume azkarrena, hor, Alicia Romero izan zen.

Tontorra egin eta gero, korrikalariek beherako bidea hartu zuten. Bide hori Uribarritik egin zuten, Lezesarri auzotik igaro eta, San Estebango ermitatik, plazara iristeko.

Hala, jaitsiera aprobetxatu zuen Xabier Olabarriak proba irabazteko: Belarretik eta Gorordotik, hura pasa zen lehen tokian. Halaber, Gorordon, Imanol Etxeberria zen bigarrena; baina, azken metroetan, bidean galdu zen beasaindarra, eta segundo batzuk galdu zituen.

Hortaz, Xabier Altzolak, Julen Garitanok eta Asier Urdanpilletak aurrea hartu zioten Etxeberriari.
Aurkaririk gogorrena atzean utzita, Olabarria bakar-bakarrik iritsi zen helmugara. Haren atzetik, Altzola, Garitano, Urdanpilleta eta Etxeberria sailkatu ziren.

Debagoiendarrak

Irteeran zeuden 279 parte-hartzaileetatik 62 debagoiendarrak ziren. Hauek izan ziren Debagoieneko onenak: Julen Garitano antzuolarra, hirugarrena; Asier Urdanpilleta oñatiarra, laugarrena; Aritz Kortabarria arrasatearra, zazpigarrena; Ernesto Lorenzo oñatiarra, bederatzigarrena; Joxean Larrea oñatiarra, 23.a; Iñaki Arriaran oñatiarra, 36.a, eta Jon Aizpeurrutia oñatiarra, 41.a.


Sailkapena

1. Xabier Olabarria   1:15:55
2. Xabier Altzola        1:18:46
3. Julen Garitano       1:19:16
4. Asier Urdanpilleta    1:19:28
5. Imanol Etxeberria    1:19:44
6. Juanjo Igartzabal    1.21.03
7. Aritz Kortabarria    1:21:46
8. Mikel Navarro    1:21:46
9. Ernesto Lorenzo    1:21:57
10. Arkaitz Zamakona    1:23:48
11. David Conde    1:24:11
12. Clemente Bravo    1:24:56
13. Koldo Urrestarazu    1:25:18
14. Aritz Iturbe    1:25:21
15. Jose Luiz Pozo    1:25:38
16. Luis Ezeizabarrena    1:25:42
17. Aitor Conde    1:25:59
18. Beñat Urtzelai    1:27:18
19. Alfonso Manterola    1:27:20
20. Etorre Barbeito    1:27:46
21. Ruben Larrinaga    1:27:50
22. Pello Agirrebeitia    1:28:02
23. Joxean Larrea    1:28:11
24. Jokin Gabilondo    1:28:19
25. Mikel Legarreta    1:28:35



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak