Nazioarteko Lege Soziologia Institutuaren 20. urteurrena ospatzeko kongresua egingo dute uztailean

Mireia Bikuña 2009ko eka. 28a, 18:14
'Konplexutasuna, gatazkak, justizia. Soziologia juridikoaren 20. urteurrena' lelopean egingo dute kongresua uztailaren 7tik 10era. Askotariko gaiak landuko dituzte eta mundu osoko adituek parte hartuko dute. Nazioarteko Lege Soziologia Institutuaren garrantziaz, kongresuak eta urteurrenaz egin dugu berba erakundeko zuzendari zientifiko Carlos Lista argentinarrarekin.

Zeintzuk dira Nazioarteko Lege Soziologia Institutuak dituen bete behar nagusienak?

Duela 20 urte sortu zutenean bi helburu nagusi zituen; alegia, irakaskuntzarako eta ikerketarako gune izatea. Beti ere, soziologia juridikoaren alorrean.
Irakaskuntza urtean zehar antolatzen ditugu masterren bidez garatzen dugu. Ikerketa lantzeko tailerrak eta liburutegia erabiltzen ditugu. Urtero bisitari asko etortzen da gure liburutegira ikerketa lanak egitera.
Bestalde, egindako ikerketak zabaltzeko argitalpenak egiten ditugu: batzuk ingelesez eta beste batzuk espainolez.
Nazioarteko Lege Soziologia Institutua sortu zuten, soziologia juridikoaren gaineko hausnarketa egiteko gune bat izateko.

20 urte bete dira, baina zein da orain arte egindako lanaren balorazioa?

Nik uste dut balorazioa oso positiboa dela. Duela 20 urte erakundea sortu zutenean jarritako helburuak oso gainetik bete dira. Kontu egin behar dugu urte horietan guztietan gauzak asko aldatu direla gizartean, bai ekonomian eta baita zuzenbidean ere. Baina horren gainetik lan egiten jarraitzen dugu.

Uztailaren 7tik 10era egingo duzue 20. urteurrena ospatzeko kongresua. 'Konplexutasuna, gatazkak, justizia. Soziologia juridikoaren 20. urteurrena' izena jarri diozue. Zergatik aukera duzu lelo hori?

Gai orokorra aukeratu nahi genuen, ahalik eta arlo gehien ukitzeko. Horregatik konplexutasuna, gatazkak eta justizia aukeratu genituen. Gainera, eskutik doazen kontzeptuak dira. Justiziaren barruan egoera konplexuak daude, eta konponketa zaila duten gatazkak ere bai.
Bestalde, ez genuen ahaztu nahi Nazioarteko Lege Soziologia Institutuak 20 urte bete dituela, eta leloaren bukaeran erreferentzia hori egin nahi izan dugu.

Kongresuan parte hartuko duten hizlarien zerrenda oso luzea da, eta askotariko gaiak landuko dituzte. Bat edo beste azpimarratu zenuke?

Egia esan, ez nintzateke bakarrarekin geratuko. Gure ustez udako kongresuak duen ezaugarri nagusiena da, askotariko gaiak bildu ditugula egitarauan. Hortaz, egitarau konplexua egin dugu. Mundu osoko adituak etorriko dira, askotariko gaiei buruzko hausnarketak egiteko. Besteak beste, Nazioarteko Lege Soziologia Institutuek Hego Amerikan duten eragina, migrazioaren garrantzia Europar Batasunean, eta giza eskubideen politikak landuko dituzte.

Irailean bete dira bi urte zuzendari zientifiko kargua hartu zenuenetik. Gustura zaude egindako lanarekin?

Egia esan, bai. Zuzendari zientifiko lanak egingo ditut uztail bukaera arte. Nire ordezkoa etorriko da irailean, eta bere bete beharren nondik norakoak azalduko dizkiot.
Oso gustura egon naiz Oñatin, herritarrekin eta Lege Soziologia Institutuan lan egiten duten pertsonekin.
Hemengo lanak bukatuta Cordobara (Argentina) itzuliko naiz, hango unibertsitatean eskolak ematera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak