Natraren eta Barry Callebauten bategitea bertan behera geratu da

Leire Kortabarria 2009ko irailaren 10a

Oñatin lantegia duen Natra enpresak eta Suitzako Barry Callebaut enpresak ez dute bat egingo. Hilabeteotan zehar negoziatu ondoren, azkenean ez dira ados jarri, eta bertan behera geratu da prozesua.

Natrak jakinarazi dio Espainiako Merkatu Baloreen Batzordeari "negoziazioak joan diren moduan, bi aldeek ez dute ados jartzea lortu hasieran ezarritako baldintzetan operazioa burutzeko". Hasierako akordio edo baldintza horiek ziren, besteak beste, Barry Callebaut-ek Natraren %49 eta %30 artean hartuko zuela, haren Stollwerck txokolate dibisioaren truke. Azken operazio hori irail hasieran egitekoa zen.

 

Akordio horren harira, Natrak jakinarazi zuen bere taldea negozio-lerroka berregituratuko zuela, bi subholding-etan, alegia: batek kakaoarekin eta txokolatearekin lotutako jarduera hartuko zuen, eta besteak, bestelako jarduerak (Natraceutical eta Torre Oria).

Bestetik, Barry Callebaut enpresak aurreikusita zuen bere kontsumo-dibisioa (elkarteek, markek eta bestelako aktiboek osatuta) Natra Chocolates enpresari eskualdatzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak