Natrak Europako 30 banatzaile handienetatik 24tan ditu bere produktuak

Leire Kortabarria 2008ko abe. 11a, 15:33
Txokolatezko eta kakaozko eta horietan oinarritutako produktuak egiten dituen Natra enpresa –Oñatin Natra-Zahor lantegia duena– Europako 30 banatzaile handienetatik 24tan dago, besteak beste, Carrefour, Metro Group, Tesco, Rewe edo Lidl, talde horrek duen estrategiaren bidetik, hau da, Europako banatzaile marka jorratzea.

Bestelako marka batzuei eusten die Natrak –gurean, Zahor, edo Belgikako marka batzuk–, "tokian errekonozimendu handia dutelako eta oso erantzun ona dutelako". Horixe esan digu Natra-Zahor negozio unitateko zuzendari Pedro Anduagak.
Anduagaren esanetan, egungo krisi ekonomikoan, "zentzuzkoa da herritarrek gero eta gehiago kontsumitzea banatzaile markak; eta kalitatezko produktuak prezio komenigarriago baten erosteko aukera ematen dute".

Zahor marka

Oñatin Natrak duen lantegian 450 langilek dihardute, eta txokolatezko barratxoak eta Zahor markako tabletak eta bonboiak egiten dituzte. Pedro Anduagak dioenez, "sektore honetan, Europako lantegi garrantzitsuenetako bat da Oñatikoa, mundu osorako 400 produktutik gora egiten ditugu-eta; 2008. urtean, 30.000 tona bukatutako produktuko bolumenaz ari gara". Era berean, "Natra-Zahor da Natra talde barruko zentro garrantzitsuenetako bat, 40 herrialde baino gehiagotara esportatzen dugu, eta Europa da gure merkatu nagusia". Horren arrazoia da Europako zenbait herrialdetan kakaozko produktuak kontsumitzeko ohitura handiagoa dagoela: Estatuan, urteko eta biztanleko 1,5 kilo da batezbestekoa; Suitzan, Britainia Handian edo Belgikan, 7-9 kilo.
Hala ere, "tokiko merkatua garrantzitsua da Zahorrendako, hemen daukagun tradizioarengatik", dio Pedro Anduagak.

Ekoizle handiena izatea

Krisiaren aurrean, Natraren estrategia ez da aldatu: "Banatzaile markarako txokolatezko eta kakaozko produktuen ekoizle eta merkaturatzaile handiena izatea". Urteko azken hiruhilabetean, "igoera garrantzitsua" izan dute Natraren salmentek, iazko datuen aldean. "Gure errezeta berbera da: lehiakorrak izatea kostuetan eta kalitatean, eta I+G-n inbertitzea kontsumitzaileen beharretara egokitzen diren produktuak sortzeko, eta banatzaileei produktuok euren markarekin eskaintzeko aukera ematea".


Natra taldeak inbertsio garrantzitsua egin du Oñatiko lantegian, eta horren lehenengo emaitza Vital'Crusty barratxoa izan da. Pedro Anduagak gaineratu duenez, "zapore eta osagarri berrien konbinazioekin lanean gabiltza". Horrez gain, beste arlo batzuetan berritzen dabil taldea; besteak beste, osagarri funtzionalak dituzten produktuetan, Natraceutical enpresarekin elkarlanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak