Musika, piroteknia eta argi ikuskizuna egingo dute domekan plazan

Mireia Bikuña 2010eko irailaren 29a

Astondoa pirotekniak musika eta argi ikuskizuna egingo du Errosaixo Egunean, urriaren 3an, 23:00etan.

"Musika eta argia izango dira protagonistak. Ikuskizun berezia da, jendeak gertutik jarraitu ahalko duena. Ez dira ohiko su artifizialak. Hori horrela, ez dugu segurtasun distantziarik gorde behar. Halako ikuskizunak oso gertukoak dira", esan digu Astondoako Lourdes Ojendorenak.

Oñatin ikusi ahalko den ikuskizuna propio prestatu dute. Leku bakoitzeko tokiaren arabera saio ezberdinak egiten dituzte. "Oñatiko plazak aukera asko ematen dizkigu. Udaletxeko fatxada ikaragarria da, eta iluntasunean, argiz eta musikaz jantziko dugu", diote antolatzaileek.

Ohitura berreskuratu

Iaz ez zen su artifizialik egon San Migeletan. Hori horrela, hainbat herritarrek eurek kexak helarazi zituzten Udalera. "Herritarren kexak eta iradokizunak jaso genituen su artifizialak eskatuz. Ez genuen uste horren garrantzitsuak zirenik. Aurtengo jaietako aurrekontua egiterakoan ez ditugu ahaztu gura izan. Ea, bada, gustuko duzuen", esan digu Lourdes Idoiaga alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak