Milaka pertsona igo dira Arantzazura familia ardatz izan duen ibilaldian

Txomin Madina Milikua 2009ko api. 4a, 20:55
Urtero bezala, milaka izan dira aurten ere Donostiako Elizbarrutiaren deiari erantzunez Arantzazura igo diren fededunak. Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainak bakea eta bakegintza izan ditu berbagai bere mezuan. ''Bakegintzak kalte egin dutenen eskubide urraezinak betetzea darama berekin'' esan du Uriartek besteak beste.

Eguraldia lagun, otoitz eta  kantu  artean egin dituzte Oñatitik Arantzazura bitarteko bederatzi kilometroak, eta Aitor Mendiluzek kantatutako bertsoak ere bidelagun izan dituzte. Familia gara, familian gara izan da aurten aukeratutako lema, eta berau idatzita zeraman pankarta eraman dute besteak beste, fededun gazteek eta baita etorkinek ere.

Behin Arantzazura igota, Basilikaren aurrean egin dute ekitaldi nagusia, familiaren suaren sinbolo bezala piztu duten suaren inguruan.

Bakegintza berbagai

Ebanjelioa irakuri ostean, Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainak hartu du hitza, eta bakegintzari buruz egin du berba. ''Bake egarriak ekartzen gaitu urtero mendi maitagarri honetara. Bakearen itxaropena ureztatzen dugu ibilbide osoan'', esan du Uriartek, eta bakearen etikaren beharra azpimarratu du.

Zentzu horretan, esan du bakearen etikak esan gura duela giza eskubideak beti eta denentzat errespetatu behar direla, bizia errespetatu behar dela eta biktima guztiei lagundu behar zaiela;  bere esanetan, eurak baitira kalterik handiena jasan dutenak.

''Bakegintzak kalte egin dutenen eskubide urraezinak betetzea darama berekin'' jarraitu du Uriartek, eta gaineratu du Joan Paulo II.ak dioen bezala, bakegintzak herrien eskubide eta bidezko nahiak arretaz begiratzea eskatzen duela.

Ekitaldia amaitzeko, Oñatiko dantzariek suaren inguruan egin dute dantza, eta Gotzainak han bildutako fededunak bedeinkatu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak