Mikel Elgezabalek irabazi zuen Oñatiko Duatloia

Mireia Bikuña 2007ko martxoaren 19a

Oñatiko Duatloiko zatirik gogorrena, Deskargako igoera, aprobetxatu zuen Mikel Elgezabalek, iazko irabazlea eta zapatuko proba irabazteko faboritoa, Laurent Galinier, atzean uzteko. Hala, 28 segundoko abantailarekin iritsi zen helmugara Gernikako lasterkaria. Profesional mailako txirrindularia izandako Mikel Elgezabalek 1:40:22ko denbora egin zuen. Laurent Galinier eta Patxi Urizar sailkatu ziren bigarren eta hirugarren tokietan. Emakumezkoen artean onena Virginia Berasategi izan zen.

283 parte-hartzaile

Arratsaldeko 4etan hasi zen Oñatiko Duatloiaren 16. edizioa; plazako irteeran, 283 parte-hartzaile elkartu ziren.

Lehen proban, zortzi kilometro bete behar zituzten korrika, herriko kaleetan zehaztutako zirkuitu batean. Lehen lau kilometroak beteta, helmugatik Galinier eta Antxintxika taldeko Ander Agirre pasatu ziren lehenengo. Haien atzetik, beste taldetxo baten, bizikletan espezialistak diren Elgezabal eta Urizar pasa ziren. Halaber, lasterketa burua asko aldatu zen, boxetan bizikleta hartzeko ordua iritsi zenean. Galinier oso aurreratuta iritsi zen plazara; haren atzetik, Steven MacGregorrek,  Ander Agirrek eta Zuhaitz Ezpeletak egin zuten aldaketa. Une hartan, Mikel Elgezabal 11.a zen.

40 kilometro bizikletan

Bizikletak hartuta, lehiakideek Bergara aldera hartu zuten, eta handik, Antzuolara, Deskargako gaina, Legazpira eta Udana gainetik Oñatira buelta egiteko.

Antzuolara iritsi orduko, atzeko taldeak bat egin zuen Laurent Galinierrekin. Galinierrek, Urizarrek eta Elgezabalek kilometro batzuk elkarrekin egin ondoren, Deskargako azken aldapetan erasora jo zuen Elgezabalek. Txirrindulari ohia denez gero, berehala utzi zituen atzean aurkariak, eta bi minutuko errentarekin iritsi zen Udana mendateko gainera. 

Hala, errenta hark garaipena lortzeko bidea eman zion.

Emakumeen lasterketa

Gizonezkoen lasterketaren antzera, emakumezkoen proban ere lehia handia egon zen; batez ere, Virginia Berasategi eta Inmaculada Pereiroren artean.

Basauriko atleta aurretik jarri zen bigarren kilometroan, eta  ez zuen lasterketa burua utzi proba osoan zehar. Hala, Berasategi izan zen onena korrikako lehen saioan eta bizikletako saioan. Korrikako bigarren saioan, aurretik lortutako errentari eutsi zion. Hortaz, garaipena bizkaitarrak eskuratu zuen, 1:54:55eko denborarekin. Inmaculada Pereiro eta Inma Rafael sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren.

Debagoiendarrak

Oñatiko probako lasterkako lehen saioan, Debagoieneko lehiakideek euren maila erakutsi zuten. Aurrean ikusi genituen Ander Agirre eta Zuhaitz Ezpeleta, Antxintxika taldekoak eta Iñaki Pelayo oñatiarra, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak