Zapatuko txapelketak inoiz baino parte-hartze handiagoa izan zuen; Oñatin, Irelore golf zelaian 50 lagun elkartu ziren ondo pasatu eta nor baino nor gehiago aritzeko.
Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, euria ez zen oztopo izan txapelketa aurrera eramateko. "Golfean jokatzeko euria ez da oztopo izaten; makilak bustitzeko arriskua dago baina berdin jokatu daiteke", azaldu zuen Javi Balzategi Irelore eskolako arduradunak txapelketa amaieran.
Goizeko 10etan hasi zuten txapelketa; zelaiak zazpi zulo ditu eta jokalari bakoitzak bi bider egin behar izan zuen zazpi zulotako itzulia. "Jokalariak zulo bakoitza egiteko behar dituen kolpeen arabera egiten da sailkapena", gaineratu zuen Balzategik. Hala, zulo bakoitza egiteko behar izan zituzten kolpeak batuta, kolpe gutxien egin zuen jokalaria izan zen garailea.
Hiru maila ezberdin
Esan bezala, hiru taldetan banatuta aritu ziren jokalariak. Mutiletan, Bergarako Juan Luis Larrañaga izan zen irabazlea. Bigarrena, Legazpiko Txemi Berraondo izan zen eta hirugarrena Arrasateko Javier Izturiz.
Emakumeen taldean ere lehia gogorra izan zen. Azkenean, Beatriz Txintxurreta oñatiarra nagusitu zen. Txintxurreta etxean lehiatu zen eta hori nahikoa izan zuen V. Mikel Deuna saria eskuratzeko. Txintxurretak bi bergarar izan zituen alboan: bigarrena Isabel Martinez San Vicente izan zen eta hirugarrena Lierni Arregi. Hirurek osatu zuten Oñatiko podiuma.
Gaztetxoetan, iaz bezala, Ander Biain nagusitu zen. Oñatiarrak ondo jokatu zuen eta lehia gogorra izan bazen ere, azkenean, bigarren aldiz jarraian txapelketa etxera eramatea lortu zuen. Gaztetxoetan, bigarren sailkatua Ander Etxaniz bergararra izan zen eta hirugarrena, ere, bergararra izan zen: Jon Maiztegi, hain zuzen.
Jokalari berriak
Aurtengo txapelketaren erantzunarekin pozik zegoen Balzategi: "Parte-hartzaile asko izan da eta horietatik, asko, gainera, berriak izan dira". Hala, golfari eman gura dioten kutsu herrikoiak bere eragina izan zuen.