Material modernoak antzinatasunaren erakusle Arantzazuko Hospederia berrituan

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abu. 20a, 15:40
Arantzazuko hospederia zaharra, hiru izarreko hotel bilakatu dute. Arantzazuko Santutegia Hotela izena izango du aurrerantzean eta urte bete pasatxo iraun duten lanen ondoren, dagoeneko zabalik dago zerbitzu berria. Guztira 52 binakako logela, bi jantoki, egongela, taberna, hidroterapia zerbitzua... hainbat dira hospederian eskainiko dituzten zerbitzuak.

Egubakoitzean hasi ziren hospederian bezeroak hartzen eta hasiera guztietan izaten diren ustekabeez gain, guztia primeran doa hotel berrian. Aldaketarik handiena, barruko berreraikuntza lana izan da Hoteleko zuzendari Koldo Gomezen hitzetan. Hain zuzen ere, Hotel berriak, hospederia zaharraren hamaseigarren  mendeko fatxada mantentzen du, ukitu modernoago batekin, baina aldaketarik handiena itxurari dagokionean behintzat, behin barrura sartzen garenean nabarituko dugu. Erabili diren materialek, modernitatea eta antzinatasuna transmititzen dute era berean.

Zerbitzuei  dagokienean, bertako bezeroentzat ez ezik, jantokia eta taberna gerturatzen den edonoren eskura egongo dira. Ezkontzak, bazkariak, edota bestelako ospakizunak, orain arte bezala eskainiko dira Hotel berrian.

Hidroterapia da Gomezen esanetan, berrikuntzarik esanguratsuena. Hirugarren azpi solairuan dago eta bezeroek ez ezik, kanpokoek ere gozatu ahal izango dute zerbitzuaz.

Hamazazpi langilek dihardute bertan, hotelak hartu ditzakeen 110 pertsonei eta kanpokoei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko helburuarekin. Zuzendari koldo Gomezek adierazi du, langileek Arantzazuren kutsu historikoa mantendu gura dutela, ohiturak, isiltasuna, erlijioa,. espiritualitatea... eta ez diotela Arantzazuri opor kutsua eman gura. Arantzazuko Santutegia Hotela, Arantzazu Fundazioarena da. Gogoratu, fundazioa, frantziskotarren komunitateak, Oñatiko udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak