Martxoan hasiko dira kiroldegiko kantxa berriaren hobekuntza lanak

Jasone Zabala 2008ko martxoaren 5a

Pasa den urrian zabaldu zuten Oñatiko Zubikoa kiroldegian beste eraikin bat kantxa berri batekin, kantxa urdinarekin. Kantxa bakarra ez zen nahikoa herriko kirol ekintza guztiendako eta beste kantxa bat egitea erabaki zuten.

Behin lanak amaituta kiroldegiaren erabiltzaileek hainbat akats antzeman dituzte, horien artean kantxa urdineko ikusleen harmailari dagokiona da. Partiduak ikustera joaten direnendako harmailako hormak altuera handiegia du, 1,10 zentimetrokoa hain justu. Horregatik, altuera hori 70 zentimetrora jaitsiko dute eta ondoren baranda bikoitza ipiniko dute. Lanok, kantxa urdineko markagailuaren pareko horman egingo dira. Horrela, haur eta elbarrituentzat ahalbidetuko dute kantxako harmailako alde hori, partiduak hobeto ikus ditzaten.

Lanak martxorako

Angel Biain Oñatiko Hirigintza zinegotziaren hitzetan, "lanak martxoaren 10ean hasiko dituzte eta guztiz amaituta apirileko lehen asterako egongo dira". Bederatzi bat egunetan kantxa itxita egongo da eta beraz ezin izango da erabili.

Aste Santuan itxita

Aste Santuan kiroldegia itxita egongo da. Pazko astean lanekin jarraituko dute, baina ordurako kantxa zabalik egongo da jendearendako, nahiz eta langileek oraindik ere lan horien azken ukituak ematen ibiliko diren.

Erosotasuna eta seguritatea

Aurrekontua 20.000 euro ingurukoa da, eta lanokin, kantxa berriko erosotasuna eta seguritatea bermatu nahi da. Gerardo Eskarza Oñatiko kirol teknikariak zera adierazi digu: "lanok eragina izango dute martxoaren 10etik 18ra eskolatik kiroldegira joaten diren ikasleengan eta Aloña Mendik egiten dituen entrenamenduetan, baina tartean jai egunak ere badaudenez, eragina ez da hain handia izango". Behin lanok amaitutakoan, Udalaren asmoa beste bi hobekuntza gehiago egitea da: batetik, kantxa batetik bestera joateko pasabidean estalkia ipiniko dute, eta bestetik, kantxa urdineko  oihartzuna kentzeko lanak.

Kantxa batetik bestera joateko pasabidea eta oihartzun arazoak konpontzeko lanak

Behin Aste Santuan harmailako hobekuntzak egiten dituztenean, badaude beste bi asmo.

  • Lehena, udan egitekoa dena: kantxa batetik bestera joateko pasabidea egingo dute. Orain arte pasabide bakarra taberna zen, bai kantxa zaharrera edo eta eraikin berriko kantxara joateko. Horrela, Angel Biainen arabera lanen helburua zera da: kantxatik kantxara joateko zati horretan estalki bat ipintzea euria egiten duenean jende busti ez dadin. Eta horrekin batera tabernatik pasatu gabe jendeari harmailetara sartzeko aukera ematea ate berri baten bidez. "Horrela, kantxa bateko zein besteko harmailetara joatea nahi duten ikusleek ez dute tabernara sartu beharrik izango" dio Biainek.
  • Bestetik, aurrerago, kantxa urdineko oihartzuna kentzeko lanak egingo dituzte. Biainen ustez, "partiduak jokatzen direnean jokalari eta entrenatzaileen artean hitz egiten dutenean ez da ezer ulertzen oihartzuna oso handia delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak