Urteroko ospakizuna
Markelen Lagunarteak urtero antolatzen du denboraldi amaierako jaia. Aurten, bazkaria egiteaz gain, spinning saio berezia egitea pentsatu zuten; hala, Zubikoa kiroldegiko arduradunei galdetu ondoren, ordu beteko spinning saioa egin zuten zapatuan.
Irakasle lanetan, Jon Oregi Markelen Lagunarteko kidea eta Leire Altube spinning irakaslea egon ziren. "Aurten, zerbait berezia egin behar zela pentsatu zuen Oregik", esan zuen Irizarrek. "Kirola egin eta lagunartean ondo pasatzea izan da helburua", gaineratu zuen txirrindulari oñatiarrak.
Ondo pasatu bai, baina izerdi ederra ere bota zuten bertara joandako lagunek. Hamabost lagun inguru elkartu ziren Zubikoan kirola egiteko, eta Oregi eta Altubek jarritako erritmoari eustea ez zen samurra izan: "Gogorra izan da; Velascok pultsometroa ekarri du, eta entrenamenduetan baino erritmo gogorragoan ibili dela esan digu", azaldu zuen Irizarrek, barrez.
Behin izerdia botata, dutxa hartu eta indarrak berreskuratzera joan ziren Lagunarteko kideak Oñatiko Zotz jatetxera. Spinning saioan egoterik izan ez zuen Haimar Zubeldia Euskalteleko txirrindularia ere joan zen bazkarira. Seguru, kiroldegian egon ziren baino gehiago elkartu zirela mahaiaren bueltan.