Maila mantentzeko garaipen garrantzitsua Aloñarendako

Mireia Bikuña 2008ko api. 27a, 21:59
Partidua garrantzitsua jokatu eta irabazi du Aloñak Eibartarrak taldearen aurka. Bigarren zatiaren hasieran egin du garaipenaren gola Axier Ugartek. Hiru puntuekin lasaiago egingo die aurre Aloñak, txapelketa bukatzeko falta diren lau jardunaldiei.

"Hasi aurretik bagenekien puntuak garrantzitsuak zirela, irabazi ezean, gainerako emaitzak ikusita, jaitsiera postuetara hurbiltzeko arriskua genuen-eta". Aloñako jokalari Roberto Idigorasen hitzak irakurrita, jakina da zein garrantzitsua zen atzoko partidua oñatiarrendako. Era berean, sailkapeneko zulotik irteteko ahaleginean, puntuak oso inportanteak ziren Eibartarrak taldearendako.
Horregatik guztiagatik, partidu borrokatua jokatu zuten bi taldeek Azkoagainen, helburu bakarrarekin, alegia, hiru puntuak lortzea.

Golarekin, lasaitasuna

Lehenengo zatia nahiko eskasa izan zen joko aldetik. Gol aukera garbiak izan barik Eibarreko taldeak asko estutu zuen Aloñaren arean. Josu Zubiaren taldeari kosta egin zitzaion baloiaren jabetza izatea, eta apenas izan zuen gola egiteko aukerarik.
Aldageletatik itzuli ondoren, beste itxura bat eman zuen Aloña Mendik. "Bigarren zatiaren laugarren minutuan Axier Ugartek egin duen golak beste itxura bat eman dio taldeari. Lasaitu egin gara, eta askoz hobeto jokatu dugu", esan zigun Roberto Idigorasek.
Markagailuan atzetik zegoela, Eibartarrak taldeak lerroak zabaldu zituen berdinketaren bila joateko asmoz. Hala, oñatiarrek gol aukerak sortu zituzten, besteak beste, Xabi Caminok zutoinaren ondotik kanpora bota zuen jaurtiketa, eta Jon Astigarragak, lehia bukatzear zegoela izan zuen aukera. Baina, etxekoek ez zuten asmatu, eta bukaeran urduritasuna nagusitu zen Azkoagainen, epaileak bost minutu luzatu zuen-eta partidua.
Bukaeran, pozik ospatu zuten garaipena etxeko jokalariek eta zaleek. Atzoko puntuekin, Aloñak 35 ditu sailkapenean, eta 11. tokian dago. Liga bukatzeko lau jardunaldi geratzen zaizkio  Zubiaren taldeari: Trintxerperen eta Touringen aurka Azkoagainen, eta Hernaniren eta Mondraren aurka kanpoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak