Maiatzerako zabaldu gura dute Arrikrutzeko koba

Goiena 2007ko ots. 16a, 12:04
Aizkorriko mendigunean daude Arrikrutzeko kobak, Gesaltza-Arrikrutz sistema karstiko barruan –kare harria–. Hala, Goi-Jurasiko eta Behe-Kretazeo artean sortutako barrunbea da –156 eta 96 milioi urte artean–. Berezitasun handiko gunea da, 14 kilometroz osatutako galeriek Gipuzkoako barrunbe handiena egiten dute-eta. Hori horrela, turistek bisitatu ahal izango dutena 53. galeria da, Arrikrutzeko barrunbeko ekialdean dagoena. Bisitetarako zabaltzeko lan eta lan ari dira orain koba barruan. Goienkaria eta GOITBko lankideak izan dira asteon koba bisitatzen eta argazki batzuk bildu ditugu hemen.

Bisitatzeko moduan egongo den 53. galeria Aldaola errekaren lehengo hobia zen, eta bisitaldiak iraungo duen 70 minutuetan konkrezio estalagmitiko interesgarriak ikusi ahal izango dituzte. 480 metroko ibilbidea izango dute horretarako, zortzi gunetan banatuta.

Egongo da zer ikusi

Milioika urtean urak moldatutako barrunbea da Arrikrutz, eta hori da atea gurutzatu eta berehala lehenengo igartzen dena: hezetasuna. Hala, lehenengo metroak eskaileratan behera egingo dira –ibilbidean zehar 55 metro jaisten dira, eta batez beste bederatzi graduko malda du–. Hala, urak zizelkatu duen harrian berehala antzematen dira estalaktita eta estalagmitak, urte askoko lana.

Ez da ikuskizun bakarra izango, besteak beste, zortzigarren galerian egingo duten balkoiak ere harridura bat edo beste sortuko du-eta. Tarte horretan, oinezkoen pasabidea altu egongo da, eta bisitariek barrunbea zeharkatzen duen erreka ikusi ahal izango dute, behean. Ikusgarritasunarekin jarraituta, ibilbidean zehar bederatzi geldialdi egingo dituzte, eta geldialdi horietan turistek ikus-entzunezkoen bitartez batuko dute informazio gehiago. Hori horrela, Eurocom enpresak egingo ditu bideoak, eta Patxi Zubizarretak testuak.

Lehoiaren hezurdura

Arrikrutz arkeologikoki zein paleontologikoki da aberatsa. Azterketa oso garrantzitsuak egin dituzte han. Eta, azterketa horiekin lortutako emaitzek harrituta utzi dute bat baino gehiago: batetik, hartz aztarnategi aberatsa aurkitu izan dute, eta baita panteren burezurrak ere. Aurkikuntza harrigarriena, baina, haitzuloetako lehoi baten hezurdura izan da, Estatuan dagoen bakarra. Diotenez, 60ko hamarkadan bi abadegai haitzuloan galdu, eta haiek aurkitu zituzten lehoiaren aztarnak. Egun, Aranzadi ikerketa taldeak du hezurdura, eta Arrikrutzen erreplika bat jarri gura dute.

Lau milioiko aurrekontua

Diru hori erabiliko dute Arrikrutzeko kobako proiektua egiteko. 240.000 euro Diputazioak jarriko ditu, 720.000 euro Turismo Sailak eta Madrildik etorriko dira 500.000 euro. Gainontzekoa Oñatiko Udalak jarriko du (2.540.000 euro).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak