Maddi Oihenartek Ganbararekin batera abestuko du Santa Ana aretoan

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko ira. 14a, 13:11
Lehen aldiz kantatuko dute batera Oñatiko Ganbara abesbatzak eta Zuberoako abeslariak. Astean ibili dira bai Oihenart eta bai Ganbara kantuak prestatzen; Abesbatzak Oihenarten kantu bat, behintzat, abestuko du.

Maddi Oihenart kantariak Oñatiko Ganbara abesbatzarekin batera abestuko du bihar, zapatua, Oñatiko Santa Ana aretoan, 19:30ean. Iparraldea Oñatin izeneko egitasmoaren barruan antolatu du kontzertu hori Laixan euskara elkarteak.

Aste honetan ibili dira bai Oihenart eta baita Ganbara ere kontzertuan abestuko dituzten kantuak erabakitzen eta prestatzen. Ganbarak, esaterako, Ma-ddiren kantu batzuk abestuko ditu, ziurrenik. "Bat, behintzat, abestuko dugu: Lo hadi aingürüa. Hala ere, litekeena da beste kanturen bat edo beste eta abestea", dio Ganbara abesbatzako Oihana Diazek. Kontzertua nola antolatu duten ere zapatuan bertan ikusi beharko da baina txandaka abestearena da aukera bat. Maddi Oihenartek, noski, ahots hutsez kantatuko ditu pieza batzuk. Beste kantu batzuetan, ordea, laguntzailea izango du ondoan. "Lehen aldia da Maddi Oihenartekin batera abestu behar duguna eta pozik gaude. Dena den, kontzertu polita izango dela uste dut; euskal kantak entzungo dira", dio Oihana Diazek.

Iparraldea oñatin
Duela bi urte antolatu zuen lehenbiziko aldiz Laixan euskara elkarteak Iparraldea Oñatin egitasmoa eta orduko ekitaldien arrakasta ona ikusita, aurten ere egitea pentsatu du. Udalaren eta Klaxk txokolate elkartearen laguntza izan du horretarako.
Bihar, zapatua, egingo dituzte egitarauko ekitaldirik nagusienak: txokolate azoka, Axularren hiztegiaren berrargitalpena aurkeztea eta Maddi Oihenarten eta Ganbararen kontzertua. Eguaztenean eta eguenean ipuin kontaketa eta txotxongilo saioak egin dituzte Koldo Amestoy eta Pantxix Bidartek eta Azika txotxongilo taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak