Lurrazpiko parkingek ez dute igoerarik izango aurten

Mireia Bikuña 2010ko urt. 11a, 17:46
Hala, orain arte bezala, lehen ordu erdia doanekoa izango da guztiendako; eta, 31. minututik aurrera 0,0138 euro kobratuko dituzte minutuko bost ordu bete arte. Bosgarren ordutik aurrera 0,0174 euro kobratuko dituzte minuturo. 2008ko urritik 2009ko irailera arte 36.320 erabiltzaile izan dituzte Kiroldegiko eta Kalegoienako parkingek.

Dena den, bi parkingetan sartzen diren autoen erdiak baino gehiagok, %54,9, ez zuten ezer ordaindu; hau da, 30 minututik beherako egonaldiak izan dira. Gainerako erabiltzaileek, %45,1, ordaindu egin zuten.
Udal arduradunek kaleratu dituzten datuetan ez dira agertzen  aparkalekuetarako sarrerak libre egon diren egunak; besteak beste, San Migel eta Errosario jaietako egunak.
Krisiarengatik eta erabiltzaile kopurua igotzeko hartu dute tarifak ez igotzeko erabakia udal arduradunek. Erabiltzaileak erakartzeko beste neurri bat ere hartu dute: aparkalekuen berri ematen duen seinaleztapena hobetuko dute, batez ere herrira datozen autoak parkingetara bideratzeko.

Plazak erosteko aukera

Bestalde, lurrazpiko parkingetan marradun plazak alokatzeko aukera ematen du Udalak. Egun osorako plaza gura duenak 90 euro ordaindu beharko ditu hilean; eta, egun erdirako bada (09:00etatik 21:00etara, edo 21:00etatik 09:00etara) 52 euro. Informazioa eskatzeko edo izena emateko udal bulegoetara joan beharko dute interesatuek.
Bestalde, Kalegoienako aparkalekuan 52 garaje daude salgai oraindik. Salmenta indartzeko eskatzen zituzten baldintzetatik bat kentzea erabaki du Udalak; hain zuen ere, erroldari dagokion baldintza. Hortaz, Kalegoienan garajea erosi gura dutenek ez dute Oñatin erroldatuta egon beharko. Gainerako baldintzak eskuragarri daude udal bulegoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak