Luis Peña Gantxegi arkitekto oñatiarra hil da

Usoa Agirre 2009ko apirilaren 3a

Luis Peña Gantxegi (Oñati, 1926) bart hil da 83 urte zituela Donostian. Oñatin jaio zen eta Madrilen egin zituen arkitektura ikasketak. 80eko hamarkadan, Bartzelonan irakasle bezala aritu ostean, Gipuzkoako hiriburura egin zuen buelta, berak bultzatutako Arkitektura eskola zuzentzeko. Ezaguna zen, batez ere Donostiako Haize Orraziko plaza eta Gasteizko Foru plaza egin zituelako, Eduardo Txillida eskultorearekin batera.

Bera izan zen arkitektura garaikidea Euskal Herrira ekarri zuena eta aitzindaria izan zen askoren aburuz. Beste askorentzat maisua izan da eta bere lana erreferentea. Euskal Herriko hainbat udalerritako fisionomia marraztu zuen azken 50 urteotan: Gasteizko Foruen plaza, Tolosako Aranburu jauregia eta Leidor Antzokia, Andoaingo Bastero Kulturgunea eta Donostiako Trinitate enparantza, Amara hotela eta Mirakontxako etxebizitzak, besteak beste. Eduardo Chillidarekin batera, Haizearen Orrazia lanaren ingurua marraztu zuen, gainera. Chillidarengandik eta bere lanarengandik oso hurbil izan zen.

Espainiako Arkitekturaren Urrezko Domina jaso zuen 2004an, bizitza osoko lanaren aitorpen gisa.

1997 urtean Arkitekturako Munibe Saria jaso zuen.

Gaixotasunak bere lana gutxitu zuen baina familiaren estudiora, Peña Ganchegui y Asociados, joaten jarraitu zuen amaiera arte, Bilboko Abandoibarrakoa bezalako egitasmoak gainbegiratuz.

Hileta elizkizuna Mutrikuko Jasokundeko Andre Mariaren Elizan izango da, 19:00etan.

Lan garrantzitsuak

  • 1959-1960 : Vista Alegre etxebizitza dorrea, Zarautz
  • 1963-1967 : Iparragirre etxebizitzak, Mutriku
  • 1964-1965 : Aizetzu etxebizitzak, Mutriku
  • 1965-1966 : Imanolena etxea, Mutriku
  • 1968 : San Frantzisko eliza, Gasteiz
  • 1969 : Larreina etxebizitzak, Mutriku
  • 1973-1975 : Gipuzkoako Batasun Farmazeutikoaren biltegia, Donostia
  • 1975-1977 : Tenis plaza (Haize Orrazia), Donostia (Eduardo Txillida eskultorearekin elkarlanean)
  • 1977 : Hilerriko Monumentua, Oiartzun
  • 1977-1978 : Xabier Zubiri institutua, Donostia
  • 1978 : Foruen plaza, Gasteiz (Eduardo Txillida eskultorearekin elkarlanean)
  • 1981-1986 : Mirakontxako etxebizitzak, Donostia
  • 1982-1985 : Trinitate plaza (pilotalekua, bolatokia, mailadia eta idi dema lekua) Donostia
  • 1984-1985 : Espanya Industrial parkea, Bartzelona
  • 1991 : Abarka etxebizitzak, Oñati
  • 1991-1992 : Amara Plaza hotela, Donostia
  • 1994 : Onddi dorrea, Hernani
  • 1994 : Kiroldegia eta igerilekuak, Billabona
  • 1995-1996 : Aranburu Jauregia kultura etxea, Tolosa
  • 1997 : Zementuaren Museoa, Añorga, Donostia
  • 1998 : Bastero kulturunea, Andoain
  • 1999 : Santiago plaza, Pasai Donibane
  • 2002 : Itsas Adarraren Museoa, Bilbo
  • 2004 : Etxebizitza blokea, Abandoibarran Bilbo
Iturria: Wikipedia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak