Ezker abertzaleak zioen lau ume bakarrik dabiltzala ludotekan, eta bi arrazoi ematen zituzten: kuota ordaindu beharra eta kudeaketa euskara zerbitzuaren esku egotea. Gainera, esaten zuten gaztelekuko sotoa eta kuboa aste bukaeratan zabaltzen dituzten moduan, ludoteka zapatuetan eta domeketan zabaldu beharko luketela. Ezker abertzaleak haurren heziketa integrala gura dutela diote, eta horretarako eskolaz kanpoko ekintzetako kudeaketa bateratua eskatzen dute. Haur eta Gazte batzordeak batzar gehiago egin beharko lukeela gaineratu dute.
Udalaren erantzuna
Haur-Gazte eta Euskera-Hezkuntza batzorde-buru Mikel Iturrospek dio ludoteka zerbitzua hezkuntza batzordeak kudeatzen duela.
Bestalde esan du, kultura, euskara, haur-gazte, hezkuntza eta prebentzio teknikariek osatutako lan mahai batek koordinatutako ekintzak jartzen dituztela martxan; besteak beste, gaztelekuko sotoa eta kuboa zabaltzea. Mikel Iturrospek dio Haur eta Gazte batzordea bi astean behin biltzen dela, eta hain justu ere, haurren eta gazteen aisialdia antolatzeaz arduratzen dela.
Azkenik, hurrengo baterako kritika konstruktiboak egitea eskatu diote ezker abertzaleko ordezkariei.