Uztailaren 24ko tokiko gobernu batzarrak zehaztu zituen ludoteka erabiltzeko ordaindu beharreko kuotak: 2008-09 ikasturte osorako 180 euro, eta ikasturte erdirako 90 euro. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zen erabakia irailaren 18an.
Hainbat helburu
AHT Kooperatiba Elkartea izango da, alde batetik, Txaloka ludoteka kudeatuko duena; eta beste alde batetik, haur etorkinen bertakotze zerbitzua emango duena. Udalak ludotekarekin bete gura dituen helburu nagusiak dira, besteak beste, jolasaren bitartez haurraren heziketan laguntzea; aisialdian ekintza ludikoak antolatzea; neska-mutikoen arteko hartu-emanak sendotzea; haurraren garapen integralari lagunduko dioten jostailuak erabiltzea; eta haur etorkinen integraziorako baliabide izatea.
Koloredun kristalak
Lizaur kaleko ludotekak kanpotik itxura berria du; hain zuzen ere, tamaina askotariko koloredun kristalak jarri dituzte. Bestalde, bi sarrera ditu ludotekak. Hala, barruko bi espazio nagusiek, irakurgelak eta jolasgelak, modu autonomoan funtzionatuko dute. Irakurgelak 35,61 metro koadro ditu, eta jolasgelak 55,59 metro koadro. Gainera, harrera-gunea, komunak eta biltegi txikia egin dituzte. Guztira, 122,65 metro koadroko ludoteka egokitu dute Lizaur kaleko 5. zenbakian. Bi gune nagusietan koloredun material elastikoa jarri dute, eta gainerako espazioetan harrizko zorua jarri dute. Bestalde, lokalaren barruko horma eta sabai guztiak termikoki eta akustikoki isolatu egin dituzte.