Lourdes Idoiaga: "Parte-hartze prozesuarekin 2030ean zelako Oñati izan gura dugun zehaztuko dugu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko urr. 27a, 19:08
Azaro bukaeran hasiko du Udalak Metropoli 30 enpresarekin elkarlanean herritarrek Oñati 2030erako zelakoa izan gura duten zehaztuko duen parte-hartze prozesua. Lourdes Idoiaga alkateak GOITBn egindako elkarrizketan esan du hori. Eneko Azkarate eta Arritxu Barruso kazetarien galderak erantzun ditu Oñatiko alkateak.

"Metodo nahiko arina erabiltzen duen enpresa da. 12-15 laguneko taldea elkartuko dute, eta politikariak ez dira sartuko, ni neu bai, hola eskatzen duelako prozesuak. Sektore ezberdinetako pertsonak izango dira, kolore eta iniziatiba ezberdinetakoak. Herritar horiek askatasun guztia izango dute esateko nola ikusten duten Oñati 2030ean", azaldu du Idoiaga alkateak.

Adibidez, prozesu horretan landuko dute ETEO zaharreko eraikinarekin zer egin.

Aurrekontuak lantzen 

Atzo egindako osoko bilkuran ordenantza fiskalak onartzekoak ziren, urtarrilaren 1ean martxan egon daitezen. Aurrekontuak, ostera, azaroko osoko bilkuran onartuko dituzte.
"Orain gabiltza aurrekontuak lantzen; eta nahiko itxita ditugula esan daiteke", azaldu zuen Idoiagak. 2011ko aurrekontuetako inbertsio nagusiak zeintzuk diren galdetuta, Idoiagak dio aurreko urteekin alderatuta inbertsio oso gutxi egin behar dituztela: "Errekalden bigarren fasea amaituko dugu, San Lorentzon beste fase bat egingo dugu, baina inbertsio txikiagoa eskatzen duena, eta Atzeko kale erdi  oinezkoentzat egingo dugu". Beharrezkoak diren lanak egingo dituztela esan zuen; guztira, milioi bat euro bideratuko dituzte, eta guztia kreditu bidez egingo dutela gaineratu zuen Oñatiko alkateak.

%2 jaitsiko dituzte aurrekontuak

Aurtengoekin alderatuta, hurrengo urteko aurrekontuak zerbait murriztuko dituztela esan zuen; %2 inguru. Dio Udalaren irizpidea dela gizarte zerbitzuetako diru-partida mantentzea.

Errekalde eta San Lorentzo

"Guk jakin dugunagatik Errekaldeko auzotarrak gustura daude. Auzo estua da, noranzko bakarreko zirkulazioa dago… eta hilabete txarrak pasa dituzte lanekin. Erdiko karrila egin dugu eta garajeetarako sarrerak egitea falta da. Autoak lehentasuna galduko du horrela", esan zuen alkateak. Aparkalekuen arazoaz galdetuta, berretsi zuen lehen baino aparkaleku gehiago egongo direla orain: "Etxe bakoitzeko ia hiru auto daude; hortaz, fisikoki ez dago tokirik auto horiendako guztiendako. Nik esan dudana da, eta berriro esaten dut, orain arte marraztuta egon diren aparkaleku kopurua baino gehiago irtengo direla orain. Ez ditut sartzen nolabait aparkatuta egon diren autoak". Geratzen den auzo erdiko lanak datorren urtean egingo dituzte, 700.000 eurorekin.
San Lorentzoko igogailuaren obra zibila bukatuta dagoela esan zuen; orain probak egin eta industria baimena jasotzea geratzen dela azaldu zuen alkateak. Asmoa da azaroaren erdialderako martxan egotea igogailua.

Energia iraunkorren ituna

Udalak bat egin du energia iraunkorren alkateen itunarekin. "Itun hori sinatzeak konpromiso serioa eskatzen du. Lehenengo urtean egin behar da plan jakin bat, eta orain hasi eta 2020ra arte lortu behar da herrian %20ko murrizketa. Oñatik tradizio bat dauka: orain dela 20 urte erosi ziren Olateko ur-jauziak; ondorioz, herriko etxeetako argindarraren %80 argindar berdea da", azaldu zuen Idoiagak.
Gainera, kaleetako argiteria aldatuko dute Kale Barrian eta Kale Zaharrean: "%60 aurreratuko dugu bai fakturan eta baita eraginkortasun energetikoan ere". EVEren dirulaguntzarekin aldatuko dituzte argiak, 2011ko lehenengo sei hilabetekoan.

Autobus zerbitzu berria

Urriaren 1ean martxan jarri zen autobus zerbitzuaren gainean balorazio errealik oraindik ez dutela esan zuen alkateak. Esan zuen Foru Aldundian behin eta berriz eskatu dutela zerbitzua hobetzeko: "Lortu dugu gu geu konprometitu garelako Arantzazurako autobusarekin, Lanbusarekin... garraio publikoaren inguruan ez bakarrik eskatu, baizik eta dirua jarri eta proiektuak landu ditugulako. Hortaz, Diputazioak uste izan du zor digula", esan zuen Oñatiko alkateak.

Bidegorria Zubillagaraino

Parte-hartze prozesu baten barruan herriko bidegorri sarea landu zuen Udalak; eta herritarrek eskatutakoa egiteko konpromisoa hartu zuten. Lazarraga kalean egin berri dute bidegorria, eta orain Euskadi etorbidean egingo dute: "Euskadi etorbidean autoak eta bizikletak batera joango dira. Herriko erdigunean 30 kilometro orduko abiadura jarriko dugu. Bizikletek eta oinezkoek lehentasuna izango dute autoen aurrean".
Oñati eta Elorregi arteko tartea Diputazioarena dela esan zuen. Aurreratu zuen Oñatitik Zubillagara arteko bidegorri tartea urtarrilean esleitzekoak direla: "Hala, enpresekin lotuko da Oñati", gaineratu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak