Lehen txandan gurpila zulatu arren, Zabaleta azkarrena

Mireia Bikuña 2010ko mai. 2a, 22:54
Euskal Herriko txapelketako lehen proba jokatu dute Udanan. Euriari aurre eginez, Aitor Zabaleta bergararrak egin du denbora onena Udana gaineko helmugan. Haren atzetik sailkatu dira Juan Carlos Samperio eta Angela Vilariño. Oñatiarren artean onenak izan dira Ruben Nogueiras laugarren eta David Ardions seigarren.

Gurpilak aukeratzeko zalantzak

Goizean, autoen egiaztapenak egin dituzte. Guztira 42 gidarik eman dute izena, baina helmugara 37 heldu dira.

Proba hasteko entrenamendurako manga egin dute gidariek ibilbidea ezagutzeko 14:30ean. Irteera Udana hasieran dagoen zerrategian jarri dute, eta helmuga Udana gainean. Guztira, 4,460 kilometro zituzten aurretik.

Entrenamenduaren ondoren hasi dituzte bi txanda ofizialak. Gidari guztiek arazo bera izan dute gurpilak aukeratzerako orduan; hain zuzen ere, errepide lehorrerako edo bustirako gurpilak aukeratu.

Tarteka euria egin du, eta horrek asko zaildu du gidarien lana. Gainera, autoek izandako txapa istripuek olioa isuri dute errepidean.

Horri guztiorri aurre eginez, gidaiek zuten onena eman dute. Aitor Zabaletak arazoak izan ditu lehen txandan. Gurpila zulatu du. Hori horrela, sailkapenean aurrea hartu diote Samperiok eta Vilariñok. Bergararrak bazekien bigarren txandan arriskatu egin behar zuela proba irabazteko eta ez du hutsik egin. Azkarrena izan da, halako probetan bi txandatan egindako denbora onena hartzen dute-eta kontuan sailkapena egiteko.

Antolatzaileak pozik

Antolatzaile taldekoak oso pozik zeuden amaieran. "Gidariek lan ona egin dute. Ikusleek ere erantzun dute. Iaz baino ikusle gutxiago egon da, baina egiten zuen eguraldia ikusita... Bestalde, kolpeak egon dira, baina ezusteko larririk ez", esan zigun antolaketa taldeko Mikel Altunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak