Lau talderekin hasi du denboraldia Aloña Mendi txirrindulari taldeak

Mirari Altube Arrese 2009ko mar. 15a, 18:38
Torreauzon dagoen Etxe Aundi jatetxearen aurrean aurkeztu zituen txirrindulari taldeak Aloña Mendi elkarteak, eguraldi bikaina lagun zutela. Lau talde ditu aurten Aloña Mendik, 19 txirrindulari guztira.

Gazteen artean hiru txirrindulari bakarrik ibiliko dira Garikoitz Baños eta Mikel Lizarralde zuzendari dituztela: Iker Mugarza, Ander Altube eta Daniel Remirez. Lehen biak, Mugarza eta Altube, ziklo krosean ere ibiliko dira eta Altube mendi bizikletan ere bai. "Txapelketa gutxi egoten dira Gipuzkoan eta horregatik, txirrindulari gutxi dabiltza mendi bizikletan", jakinarazi digu Pedro Irurzun txirrindulari taldeko presidenteak. Kadeteen artean bost txirrindulari daude Joseba Urtzelairen gidaritzapean. Haurren mailan lau daude, tartean neska bat eta kimuetan zazpi dira txirrindulariak eta euren artean beste neska bat. Bi talde horien gidaritza lanak Joseba Iciarrek eta Andoni Urteagak egingo dituzte.

Helburua, mantentzea

Pedro Irurzun presidentearen esanetan denboraldiko helburu bakarra ilusioarekin aurrera egitea da: "Txirrindulariok hor mantentzea da asmoa, gazteak dira eta oraindik ikasten dabiltza". Gazteek Gipuzkoako itzulian eta klasiko baten hartuko dute parte: "Norberaren lana hobetzea da gure helburu bakarra, baina lasterketak irabazteko inolako presiorik gabe", argitu du Garikoitz Bañosek. Kadeteen helburua, ostera, errepidera ohitzea da: "Orain arte zirkuituetan egin dituzte lasterketa guztiak eta hemendik aurrera errepidean ibili beharko dute", dio Joseba Urtzelaik.


Denboraldia dagoeneko hasi dute bi taldeek eta datorren domekan, hilak 22, Zegaman dute lasterketa gazteek; kadeteek, ostera, Eibarren. Haurrek eta kimuek, bestalde, oraindik ez dute hasi denboraldia. Apirilaren 4an dute lehenengo lasterketa Oñatin bertan, eta ilusioarekin ekingo diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak