Larrañako futbol zelaia berritzeko Jaurlaritzaren oniritziaren zain

Edu Mendibil 2010ko api. 19a, 11:16
Oñatiko Udalak Larrañako futbol zelaia berritzeko proiektua dauka esku artean eta horri ekiteko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren (instalazioaren jabea) oniritzia jasotzea baino ez da falta.

Dagoeneko Gipuzkoako Diputazioak 50.000 euroko laguntza onartu du aipatutako proiekturako eta, gauzak horrela, Udalak 2006tik landutako proiektuari heldu nahi dio. Hain zuzen ere, duela lau urte egindako proiektua eguneratu du Udalak eta Lourdes Idoiaga alkatearen arabera, Jaurlaritzaren baimena jaso bezain pronto hasiko dira berritze lanekin; "Lehen fase batean oinarrizko lanak egingo dira eta hurrengo urteetan ekipamendu osagarriak jartzea da asmoa. Kirol-aisialdi gune publikoa izatea nahi dugu, herritarrei zuzendutako gunea, eta hori zehazteko hitzarmena sinatuko litzateke. Beste zenbait kirol instalazioekin gertatzen den bezala, eremu itxia izango da, ordutegi jakin batekin".

Lehen fasean, oinarrizkoa

Udalaren proiektuaren arabera, lehen fase batean, saskibaloian, eskubaloian edota areto-futbolean aritzeko jolas-espazioak hornitu eta margotuko lirateke Larrañako futbol zelaian eta, horrez gain, besteak beste, bankuak eta zakarrontzia jartzea aurreikusten da. Aurrekontua 108.000 euro ingurukoa da eta, esan bezala, Diputazioak 50.000 euroko laguntza emango du.

Hurrengo fase batean, mahai tenisean jolasteko gunea eta skate-parkea jartzea aurreikusi dute eta argiteriari dagokionez, aurreago, beharrezkoa ikusten denean instalatuko dute.

Larrañako futbol zelaia 1950eko hamarkadaren azkenetan eraiki zuten agustindarrek. Ordutik makina bat kirol ekitaldi jaso ditu, baita San Lorentzoko jaietako berbenak eta bestelakoak. Azken 15 urteotan ez da Larrañako futbol zelaia apenas erabili eta nahiko egoera txarrean dago gaur egun. Larraña institutuak ere begi onez ikusten du berritze proiektua.

Egin nahi duten gune publikoarekin, San Lorentzo, Ugarkalde, Olabarrieta, Larraña eta Olakuako auzotarrek bereziki aisialdi gune berria izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak