Bi aste falta dira Aratusteetarako, eta Oñatz taldekoek dena gertu dute Aratuste-zapaturako. Egun osoan zehar ibiliko dira kalerik kale Lantzeko aratusteetako dantzak eskainiz.
Abenduan hasi zituzten entseguak, baina dantzak kalera ateratzeko herritarren laguntza izango dute: guztira, 100 bat herritar irtengo dira kalera. "Iazko lagun kopuru bera elkartu gara, eta eguaztenero eta zapatuero txintxo-txintxo etorri dira entseguetara", esan digu Oñatz taldeko Jesus Irizarrek.
Aratuste-zapatuan Lantzeko aratusteetako dantzak egingo dituzte bereziki, baina Patxi Perez musikariaren kantuekin muntaia prestatu dute: "Iparraldeko musikaria da eta erromerietako musika egiten du. Hortaz, koreografia erakargarriak egin ditugu, Lantzeko dantzak nahiko serioak dira-eta", dio Irizarrek.
Entseguetan talde ezberdinak egin dituzte. "Parte-hartzaileak taldeka banatu ditugu Lantzeko dantzak ikasteko. Bestalde, Patxi Perezen koreografiak guztiok batera ikasi dituzte, oso errazak ziren-eta. Egia esan, lan ona egiten dihardute".