Laguntza, lau ataletan
Udalak, guztira, 110.000 euroko laguntza emango dio kirol elkarteari; hain justu, kopuru hori lau ataletan banatzen da, eta bi zatitan ordainduko da.
Urteroko ohiko kirol jardunerako 60.000 euroko laguntza emango du. Atal horretan sartzen dira, besteak beste, federazio gastuak, epaileen sariak, bidaiak, arropak, ekipamenduak, aseguruak eta osasun azterketak.
Era berean, ohiko txapelketatik kanpo antolatzen diren kirol jarduera berezietarako 19.000 euro bideratuko dira; eta, Ibarra eta Azkoagain futbol zelaietan egiten diren mantetze eta garbiketa lanak ordaintzeko 25.000 euro emango dizkio Udalak Aloña Mendiri.Bestalde, Aloñak Atzeko kalean duen bulego eta administrazio gastuei aurre egiteko 6.000 euroko laguntza izango du.
Aloñaren konpromisoak
Bi erakundeen artean sinatutako hitzarmenean, Aloña Mendik Udalarekiko izango dituen betebeharrak ere zehazten dira.
Hain zuzen, kirol elkarteko ordezkariek Udaleko Kirol batzordean parte hartu beharko dute astero. Era berean, urtean zehar egindako ekintzak biltzen dituen txostena aurkeztu beharko dute udaletxean. Gainera, Aloñak, herriko haur eta gazteekin antolatzen dituen jardueretan eta jendaurrean antolatzen dituen txapelketa eta kirol ekitaldietan euskara erabiltzeko konpromisoa hartu du. Bazkide eta kirolariei helarazten dizkien gutunetan ere euskara erabiliko du. Gainera, euskararekin batera gaztelera erabiltzen den kasuetan, lehentasuna euskarari emango diola ziurtatzen da.
Jarraipen batzordearen lana
Bi erakundeek sinatutako lankidetza hitzarmenak dituen helburu nagusiak modu egokian bete daitezen bost lagunez osatutako jarraipen batzordea osatuko da. Bertan parte hartuko dute: Oñatiko alkateak edo haren ordezkoak; Udaleko Kirol batzordeko presidenteak edo haren ordezkoak; udaletxeko Kirol teknikariak; Aloña Mendi Kirol Elkarteko presidenteak edo haren ordezkoak; eta Udaleko Kirol Batzordean Aloñak duen ordezkariak.
Era berean, beharrezkoa bada, jarraipen batzordeko bileretan beste pertsona batzuek parte hartu ahal izango dute, gai zerrendan dagoen gairen baten inguruko iritzia profesionala emateko. Gainera, jarraipen batzordea urtean hiru aldiz bilduko da.
Eskola kirola, aloñaren esku
Beste bi puntu ere zehazten dira lankidetza hitzarmenean. Alde batetik, Aloña Mendik lehentasuna izango du Udalaren jabetzako kirol azpiegiturak erabiltzeko; eta, beste alde batetik, elkarteak, eskola kirolaren antolaketan parte hartzeko konpromisoa hartu du