Kanpaina
Batez beste, egunean 169 erabiltzaile... hilean 3.029 bidaia. Edo beste era batera esanda: proiektuan parte hartzen duten lau lantegietako langile oñatiarren %28. Horixe da urtebetean Lanbus zerbitzuak lortu dituen emaitzak. Eta gustura agertu da berauekin Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea. Dena den, bultzada berri bat eman gura diote zerbitzuari, eta hala, kanpaina berezia jarriko dute martxan uztailaren 1ean, urte bukaera arte iraungo duena: Lanbus maiztasunez erabiltzen dutenen artean, hilero bi erosketa txartel zozketatuko dituzte.
Honetaz gainera, hilero, Gipuzkoako Foru aldundiak bere gain hartuko ditu hilero bi erabiltzaileren lanbusen kostua, hau ere, erosketa txekearekin erabiltzen den irizpide bera jarraituz. Kanpaina, baina, ez da hor amaitzen: 600 euroko erosketa txartel batekin sarituko da kanpainak iraun bitartean Lanbusen egindako bidaia kopurua gehien handitu duen enpresako langileetako bat.
Lanbusen onurak
Lantokirako bidaien kostua eta aparkalekuen beharra murriztea edo gutxiago kutsatzea, dira Idoiagaren ustez Lanbusek dakartzan onurak; bere esanetan, Udalak iraunkortasunaren aldeko bidean emandako beste urrats bat da.
Fagor Industrial, Ulma packaging, Ulma Pipping eta Ulma Construcción dira momentuz ekimenarekin bat egin duten lantokiak. Ulma taldeko presidente den Xabier Mugartzaren esanetan, onurak guztiontzat dira.
Hala, herriko gainerako ekimenarekin bat egiteko gonbitea luzatu diete bai Mugartzak berak eta baita alkateak ere.