Lagunarteko giro goxoa Oñatiko III. Boulder Txapelketan

Miren Arregi Amasorrain 2008ko ots. 3a, 19:09
Sailkapen fasean 19 pertsonek eman zuten izena, eta horietatik puntuazio altuena lortzen zuten 8 parte hartzaileak pasatu ziren finalera. Giro ederrean egin zuten txapelketa, txalo eta animu oihuak ez ziren falta izan. Lehenengo postua ez zen pertsona bakarrarentzat izan, izan ere, biren artean gozatu zuten lehen postuak ematen duen sentsazio gozoa. Lehenengo postuan hamabosna punturekin gelditu ziren Ion Agirre oñatiarra eta Asier Etxeberria hernaniarra.

Lagunarteko  giro onean igaro zen zapatuan Oñatin, III. Boulder Txapelketa. Lagunartean, izan ere, Zubikoa kiroldegiko rokodromo berrian entrenatzen ibiltzen direnek antolatu eta parte hartu zuten txapelketan. Hango txalo eta animu oihuak ziren rokodromoan sortu zen giro ederraren erakusle; parte-hartzaileen esanetan ere oso giro lagunartekoa sortu zen eta barre algarak izan ziren nagusi txapelketan zehar.


Sailkapen fasean 19 pertsonek eman zuten izena. “Espero genuena”, Sergio Maiztegi antolatzailearen hitzetan. Arrasateko 2 eta Hernaniko 1 izan ezik, beste guztiak ziren Oñatiarrak.Guztiak ere mutilak, neskarik ez zen animatu txapelketan parte hartzera. Hori horrela, antolatzaileak pena apur batekin gelditu ziren, izan ere, Maiztegik azaldu zigun, “neskak etortzea espero genuen, iaz bat edo beste animatu zen, baina gaurkoan ez dira azaldu. Nesken parte hartzea bermatzeko edo, bi bloke erraz ipini ditugu baina ez du arrakastarik izan”.

Txapelketa faseka
Sailkapen fasean, esan bezala, 19 eskalatzaile aritu ziren.10 bloke  egin behar zituzten parte-hartzaileek, ordu beteko tartean. Blokea lehenengo saiakeran egiteak, 5 puntu ematen zizkion eskalatzaileari, eta bloke bakoitzean geroz eta saiakera gehiago egin, saiakera bakoitzeko puntu bat gutxiago eskuratzen zuten. Puntuazio altuena lortu zuten 8 gazteak pasatu ziren finalera, eta azken fase honetan, antolakuntzak ipinitako 8 blokeak 45 minututan egitea zen gakoa. Maila altuko blokeak ziren antza, eta inork ez zuen guztiak egiterik lortu. Hori bai, Txapelketako antolatzaile Sergio Maiztegiren hitzetan, “maila ona erakutsi dute gazteek, baina, txapelketetan esperientzia falta zaiela nabari da”.Kontuak kontu, gustura ibili ziren parte hartzaileak. Txapelketaren ostean afaritara ere joan ziren guztiak elkarrekin.

Rokodromoan mozorrotuta
Soinean mozorroak jantzita egin zuten txapelketa parte hartzaileek. Bistakoa da, eskalatzaileak ez zirela Aratusteetaz ahaztu eta horrek ere agian, lagundu zuen giro ona, gertukoa, informala, eta alaia sortzen. Txapelketaren ostean ere, afaritara mozorroak jantzita joan ziren gehienak.

Ziur bat baino gehiago hasia dela hurrengo txapelketarekin amets egiten. Ziur ez dakiguna da, parte hartzaileei biharamuna pasa ote zaien ala ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak