Kurtiderixako etxeetarako izenemate bulegoa astelehenean zabalduko dute

Mireia Bikuña 2008ko mai. 9a, 11:27
Bulegoa maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik Foruen Enparantzako 7. zenbakian, ordutegi honetan: astelehenetan, 10:00etatik 12:00etara; martitzenetan, eguenetan eta egubakoitzetan, 12:00etatik 14:00etara; eta eguaztenetan, 16:00etatik 18:30era.

Kurtiderixako etxebizitza tasatuak eskuratu gura dituztenek Udalak zehaztutako hainbat baldintza bete behar dituzte. Adibidez, Oñatin erroldatua egotea ez da derrigorrezkoa, baina erroldatuek zozketan lehentasuna dute. Baldintza ekonomikoei dagokienez, 2006. urteko diru-sarrerak hartuko dira kontuan: hain justu, 27.000 eta 54.165 euro artekoak izan behar dira. Gainera, etxebizitzaren titular-kide guztien diru-sarrerak hartuko dituzte kontutan azken zenbatekoa egiteko. Bestalde, etxe tasatuak eskuratzeko eskaera egin duten lagunek ezingo dute beste etxerik izan jabetzan azken bi urteotan, Espainiako Estatuan.

Zozketa, lau kupotan

Kurtiderixako eremuan eraikiko diren 48 etxeak lau kupotan zozketatuko dituzte. Alde batetik, ezgaitasunen bat edo mugikortasun arazoak dituzten eskatzaileen artean etxe bat zozketatuko da. Beste alde batetik, hiru seme-alaba edo gehiago dituztenen artean hiru etxe zozketatuko dituzte. Beste hiru etxe banatuko dira Etxebideko zerrendan lau urtez edo gehiagoz izena emanda duten eskatzaileen artean. Azkenik, gainerako 41 etxeak kupo orokorrean zozketatuko dituzte. Gainera, lehenengo etxeen zozketa Oñatin erroldatuta egotearen baldintza betetzen dutenen artean egingo dute, eta adjudikatu bariko etxeak geldituz gero, baldintza hori betetzen ez dutenen artean zozketatuko dituzte. Dena den, kupo bakoitzean etxebizitza barik geratzen direnek bigarren aukera izango dute, kupo orokorreko zozketan.

2010erako, bukatuta

Kasablanka-Hegoa izeneko gunean eraikiko dituzten etxe tasatuek 81 eta 106 metro koadro arteko azalera izango dute (ikus ondoko taula), eta prezioak, 184.800 eta 235.572 euro artekoak. Gainera, etxe guztiak garajearekin salduko dira, eta garaje guztiek prezio bera izango dute: 18.570 euro. Etxearen eta garajearen prezioari %7ko BEZa gehitu behar zaio. Era berean, bai etxeak eta baita garajeak ere 'babestutako etxebizitza' kalifikazio iraunkorra izango dute. Hortaz, besteren bati saldu nahi izanez gero, prezioa ezingo da behin-behineko kalifikazioan finkatutakoa baino handiagoa izan. Gainera, Udalak izango du etxeak lehentasunez erosteko eskubidea.
Aikia SL enpresak eraikiko dituen 48 etxe tasatuekin batera, merkatu prezioan salduko diren beste 12 etxebizitza eraikiko ditu. Hasieran zehaztutako epeak betetzen badira, 2010 urte hasierarako bukatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak