Kukullagak Aloña baino gehiago dela erakutsi zuen, Euskadiko gazte mailako nesken lehian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko mar. 8a, 16:26
Kukullagak argi erakutsi zuen Zubikoan Aloña baino talde indartsuagoa dela. Bizkaitarrek ez zuten arazorik izan oñatiarrak mendean hartzeko. Bederatzi goleko aldeaz irabazi zuten lehia: 20-29.

Esan daiteke Euskadiko txapelketako finalerdiak jokatzeko txartela eskura dutela bizkaitarrek. Etxeko taldea, ostera, sailkapeneko azkena da. Bi partidu galdu dituzte eta hirugarrena berdindu; finalerdietan sartzea zaila duten arren, bigarren itzulian zer egingo duten begira daude.

Defentsan ondo

Etxeko taldeak ondo hasi zuen Kukullagaren aurkako lehia. Batez ere defentsan ibili ziren ondo etxeko jokalariak. Eric Fuentes entrenatzailea pozik zegoen neskek egindako lanarekin: "Atzealdean ondo eutsi dugu bizkaitarren erasoa".
Etxekoak beti atzetik izan ziren arren, jokaldi politak egin zituzten; eta, erakutsi zuten jokaldiak ondo bukatzen dakitela. Hala ere, atsedenera 8-11 galtzen joan ziren.
Bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren. Aldagelatik bueltan bizkaitarrak indartuta kantxaratu ziren eta lehenengo 10 minutuetan lehia erabakita utzi zuten. "Erasoan baloi asko galdu ditugu eta horrek aurkarien kontraerasoak ahalbideratu ditu", azaldu zuen partidu amaieran Fuentes entrenatzaileak.

Hutsartearen ondoren, hobeto

14. minutuan etxeko taldeak hutsartea eskatu zuen jokalariek arnasa hartu eta jokoaren norabidea alda zezaten. Hutsarteak eragina izan zuen; handik aurrera, oñatiarrek jokoa berreskuratu zuten eta aldea murrizteko gauza izan ziren. Baina, egindako esfortzua ez zen nahikoa izan Kukullaga bezalako talde indartsua mendean hartzeko. Azkenean, bi puntuek ihes egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak